MEJOR RELATO EN EUSKARA: "Azken hitza, gure esku

MariJoxe Azurtza Sorrondegi
Jueves, 30 Enero, 2014
 
- Hori entzun duzu?
 
Izanik buruarekin ezetz egin zion zeharka begiratu zion emazteari, ezpainak erdi okertu eta estutuz.
 
- Orduan nik bakarrik entzun dut, ezta?
 
Baietz berretsi zion gizonak. 
 
Hasperen egin zuen Junek. 
 
- Ados.
Ibai hegalean zeuden biak, eguzkiak berotu berri zuen harkaitz baten aurka bizkarrez eserita, belardi gainean zabaldutako oihal gorriaren gainean. Izanik beso artean zuen emaztea, bere eskuak andrearen gerrialdean gozoro jarrita. Tarteka ilea orrazten zion esku ahurrarekin, hark ematen zion plazera ezkutatu gabe irri txikiak egin bitartean. Maite zuen andre hura, urteetan bere bihotza eta gorputza sorgindu zizkion emazte aparta, bere seme-alaben aparteko ama.
 
Junek hasperen egin zuen bigarrenez. Burua gorantza okertu eta senarraren ezpainak bilatu zituen musu eske eta honek gogo biziz busti zizkion ezpain-mingainak, kokotsa hatz mamiekin laztandu ahala. Orduantxe bertan egingo ziokeen maitasuna emazteari, baina ez zen garaia, eta ez zen lekua. Beraien hiru haurren jolasen zalaparta eta oihuek suspertu zuten bikotea.  
- Zer duzu oraingoan, June? - galdetu zion arnasa berreskuratutakoan emazteari.
 
- Zertarako kontatuko dizut?
 
- Entzun nahi dut.
June kontatu ala ez kontatu zalantzan zegoen, beti betikoak kontatzen zizkiola iruditzen baitzitzaion, beti kontu ilun eta nahasgarriak, beretzat egiak. Izanik isilik jarraitu zuen emaztearen masaila laztandu ahala. Ibaiak zekarren eta zeraman ur oldearen zarata haurren eztabaida eta barre algarekin nahastua entzun zezaketen.  
- Pareko bi zuhaitz horiek hitz egin didate, ibaiak hil nahi nauela abisatuz.
 
- Eta zuk zer diozu? - Izanik patxadaz zerraien, egunerokotasunean balego bezala.
 
- Buufff... Zuhaitzek ez dute hitz egiten eta ibaiak ere ez... hori badakidalako eta zuk ez duzunez ezer entzun... nire buruan gertatutako zerbait dela badakit, beraz, ezin dudala sinistu.
 
- June, ez duzu bainatu beharrik, ni joango naiz haurrekin uretara.
 
- Eskertuko dizut Izani. Ni ertzetik ibiliko naiz, zuhaitzek hizketan jarraitzen baitute ibaiak kalte egin nahi didala errepikatuz...
Gizonak musu eman zion kopetan emazteari eta sorbaldan masajeak emateari ekin zion. Gozotasun intziri sorta batekin eskertu zion andreak. 
 
Azken bost urteetako familia terapiak irakatsia zien biei gaixotasunaren aurrean nola jokatu. Junek bazekien arraroak zerizkion gauzak entzun ala ikusi ezkero senarrari ala haurrei halakorik entzun ala ikusi zuten galdetu behar ziela eta jokabidea onartua zuen. Izanik, bestalde, emaztea lagunduko bazuen, zer entzun-ikusiko beti galdetu behar ziola jakin zuen eta edozer zela ere, ez garrantzi berezirik ematen, asaldatu gabe egoten. 
 
Maite zuen emaztea Izanik, eta ez zuen utziko, ez horrenbeste urrats elkarrekin eman eta gainditu ondoren. Ez elkarrekin hazi ostean.
 
Ezkondu eta hilabete gutxira aldatu zen June, ulergaitz.  Orduan bai pentsatu zuela emaztea uztea Izanik, bera erotuko ez bazen.  Hasieran bera zirikatu eta urduritzeko kontu aldrebesak asmatu eta esaten zizkiola uste izan bazuen ere, Junerentzat dena egia zela ohartu zen nahiko azkar eta eguneroko bizikidetza ezinezkoa suertatzen hasi zenean, andrearekin aurrera egin ala uzteko erabakia eduki zuen eskuartean. Eta une horretan, bere barneko intuizio bati jarraiki, Izanik beste erabaki bat hartu zuen: psikiatrarenean ordua eskatzea bere zalantza eta izuak argitzeko. Orduan ikasi zuen zer ari zitzaion gertatzen bizitzan izandako emakume bakarrari, bere emazteari eta sendagileak, uste osoz, June bizitza orekatua emateko gai izan zitekeela esan zionean, berak Juneren aldeko apustua egin zuen.  
 
Juneri, aldiz, areago kostatu zitzaion psikiatrarengana hurreratzeko erabakia hartzea. Behinola, ideia berezi asko eta egun ugariren ondoren, elefante bat kolore guztietako puztukiekin hegan ikusi eta berak bere buruari hogeita hamar puztuki lotu eta guztiz erantzita hegan egiteko prest jendaurrean jarri zenean, ohartu zen hori zela muga. Elefanteak hegan jarraitu zuen, baina berak ospitalean bukatu zuen eta Izanik ez zuen utzi.
 
Oso pixkanakako terapia prozesuan barneratu ziren biak, June eta Izani, gaixotasunaren aurrean nola jokatu ikastearren. Egun bakoitza zen ezberdina, burutazio bakoitza bakun eta berezia.. pazientzia, umorea eta medikazio zuzena. Horrela laburbiltzen zuten bien maitasunak aurrera egiteko irakatsi zien bidea. 
Izanik sabela kilimatu zion andreari.
 
- Nabari duzu?
 
- Oraindik ez.
 
Junek besoak luzatu eta gizonaren lepoa bilduz, bere garondoan pausatu zituen. 
 
- Izani! Ondo egiten ari ote gara horrenbeste haur munduratuz?
 
- Nire ustez bai! - erantzun zion alai eta algara batez senarrak.
 
- Eta nire gaixotasuna heredatzen badute?
 
- Eta nire osasuna eta zure indarra hartzen badituzte? - ihardetsi zion zuhur zein itxaropentsu, bihotza eskuan senarrak- Ez dakigu nolakoak diren, ezta nolakoak izango diren, June. Hori Jainkoak jakin lezake jakitekotan, eta ziur aski, berak ere ez. Begira itzazu, June.  Alai bizi dira eta onura dakarkigute eta dakarkiote munduari.  Eta bidean den laugarren honek ere ona ekarriko digu!! Medizina hobeak deskubrituko dituztenak izan litezke, buruko gaixotasunek ez dezaten jendearen bizitza hainbeste baldintzatu... June, zoriontsuak dira eta ez dut ikusten etorkizunean ere zoriontsuak izateko, eta mundua toki hobea bilakatzeko zailtasunik izan behar dutenik. 
 
- Maite zaitut, Izani! 
 
- Eta nik hori entzun nahi nuen gaur...
 
Sentimendurik gabekoa ere ernai jarriko lukeen musu beroa eman zion Izanik emazteari espero gabe, bihotz-berotuz eta ezer gehiago esateke, jaiki eta amultsuki eskaini zion eskua. 
 
- Goazen! Haurrak zain ditugu! - eta burua biratuz – Haurrak, erantzi arropak eta uretara!
Barneko arropetan bainatu ziren aita eta hiru haurrak, June, ur ertzean gelditu zelarik oinez. Ibaiari ikarati egiten zion so, zelatan, urezko eskuak noiz agertuko eta hil araziko zuten kezkaz, ez zela hala jazoko jakin bazekien ere. Une batez, alabaina, bere senarraren galtzontzilo bustietan erreparatu -dena nabarmentzen zitzaion, a zer kuxidade eza!- eta haurren zorion aurpegietan jarri zuen arreta, eta komeria poztasun horrek bera eraman zuen barrez lehertzera. “Ez dadila okerragorik gerta!”. Horrelako uneek eta une horiek gogoratzeak zekarkion salbazioa, zorion eta larritasunik gabeko gozamen une horiek bizitzeko zuen gaitasunak, Juneri eta une batez, betirako izango zela iruditu zitzaion une batez, gaixotasuna baino gehiago zela jabetu zen, emakume arrunt nahiz osoa, gaixotasuna agertu baino lehenagoko emakume horren ondorena. 
 
- Izani! Haurraaaak! Maite zaituztet! - oihukatu eta Izanik eta hiru haurrek ama besarkatu zuten mele eran, mela-mela utziz, barre algara zalapartarian.
Bai, gaixotasunak ez zuen azken hitza... pazientziak eta ongi bizi nahiak baizik.

Añadir nuevo comentario

Plain text

  • No se permiten etiquetas HTML.
  • Las direcciones de las páginas web y las de correo se convierten en enlaces automáticamente.
  • Saltos automáticos de líneas y de párrafos.
CAPTCHA
Por favor introduce los caracteres indicados.
CAPTCHA de imagen
Introduzca los caracteres mostrados en la imagen.