MEJOR RELATO EN EUSKARA: "Andoni"

Eduardo Chacobo Arizmendiarrieta
Viernes, 1 Marzo, 2019
Badirudi Andoniri galtzea gustatzen zitzaiola. Berak, aldiz, zoriontsua izan nahi zuen. Buruko xomorroa akabatu eta pilulak erre. Baina ezinezkoa ikusten zuen hau guztia.
 
Hamalau urte, milaka pilula, bost ospitalaretze. Baita unibertsitate karrera bat. Emakumerik ez. Bere eremua etxera ahalik eta azkarren itzultzeko balioko liokeena zen. Jadanik ez zen lehengo bidaiaria. Hogeita hamar kilo zituen soberan. Eta hogeita hamar urte: orduan zeinek esango luke erotuko zenik?
 
Agian sekretua helduren batek bazekien. "Mutil honek ez du ondo bukatuko".
Hamar urterekin, ero baten definizioa aldameneko etxean bizi zen emakumea zen. Niri pena handia eragiten zidan. Batzuetan garrasika hasten zen eta diru txanponak botatzen zituen. Guk ez genuen jokabide hori ulertzen; baina hala ere, txanponen atzetik joaten ginen gero goxoki batzuk erosteko.
 
Ah... emakume gizarajoa. Garai hura iluna zen zinez. Ikaratzekoa. Baina gauzek hoberantz egin zuten. Eskerrak abere hiltokia kendu zutela. Berriki auzo berri bat eraiki da. Odol eta zikinkeriaz betea zetorren erreka garden labantzen da bere muga berdeetatik. Kiroldegi bat daukagu. Auzoan giro atsegina badela esan daiteke.
 
Aldameneko auzoan jaiak ziren. Andonik bere lagun Telmori erregutu zion trago batzuk hartzera gelditzea. Edateko gogoa neukan, ezin uka. Neurrian.
 
Ez nuen pilularik eraman. Alkoholak estaliko zidan pilula apeta. Gaizki egina. Baina noizbehinka kubata pare batek baretzen ninduen; baita euforiko jarri ere.
 
Parrandan ibiltzeko Telmo zen pertsona aproposena. Telmok errespetatzen ninduen. Ez zidan burlarik egiten. Izan ere, garai bat izan nuen (orain gutxiago) jendea nirekin sartzen zela. Maite ninduten pertsonek nire burutazioak (paranoiak) zirela esaten zidaten.
 
Misterio bat da. Egun, gutxiagotan jasaten dut niri buruz zekitelako sentsazioa. Denbora luzea izan da, bi suizidio tentaldi, eta obsesioa: dena obsesioa, hitzak, keinuak, txikle bat nire kotxe ondoan, belarriak adi ea zer esaten zuen jendeak.
Galtzera ohitua zegoen. Ezer lanean, ezer maitasunean. Ezertan. Baina ez zen zoritxarrekoa sentitzen. Beti zegoen oasis tenporala deitu geniezaiokeen baretasun alai bat.
 
Azkeneko zoritxarra diskoteka batean gertatu zitzaion. Adineko jendea, Boney M pantaila batean, diskotekaren zati batean. Orohar 70eko bideo zoro eta xelebreak. Beste aldean musika latinoa batez ere.
 
Andonik uste zuen han zeozer lortuko zuela. Txinatarrak ziruditen bi emakumerekin egin zuten topo. Baina berak bazekien Mongoliakoak zirela. Hiruzpalau tontakeri, eta tipo kultoa zela aldarrikatzeko, ea Ulan Batorrekoak ote ziren galdetu zien. Kostata, baina baietz, “hangoak” zirela.
 
Diskotekako bidean, 30-70 urte bitarteko pertsonen ondotik igaro ziren. Baina bat-batean bi neska hegoamerikar gazte. Andoni eta Telmo begira geratu zitzaien. Andoni batez ere, oinak mugituz, eta begira, so, lerdea zeriola kasik.
Zein azalduko, eta diskotekako betiko begiralea, dena kontrolpean doala ziurtatzen duen sarjentua.
 
Andoniri eta Telmori zuzendu zitzaien.
 
- Ikusi zaituztet nola hamar minutu egon zareten begiak itxi gabe bi andereño hauei begira. Tira, zoazte ziztu bizian hemendik.
 
Andonik bere jenio txarra irentsi zuen, eta Telmo, barkamena eskatzen, ez genuela ezer txarrik egin nahi adieraziz.
 
Jadanik kalean (hozkirri zegoen eta etxera itzultzeko ordua zen), banandu egin ziren Andoni eta Telmo.
 
Telmok bikotea zuen eta zendutako bere aitaren etxean bizi zen. Ez zuen lanik. Eta horrek amorratzen zuen. Amorragarria zitzaion lanean ibilitako zazpi urteetan dena eman arren, berarekin ordudanik ez kontuan hartzea.
 
Andoni bere aitaren eta amaren gerizpean ondo bizi zen. Baina ez zuen neskarik, eta ordua bazela uste bazuen arren, etsituta, enbor baten antzera, geldirik, ez zuen inora begiratzen. Ezereza; eta berehala itxaropena. Bizitzak aukera bat emango ziolakoan.
 
Egunak eta hostoak. Astoak eta lagunak. Denak zigiluaren gainaldean. Behealdean zuria, ezer, Andoni.
 
Mozkor zegoen. Diskotekatik etxerako bidea baliagarria egin zitzaion alkohola uxatzen joateko.
 
Iturri batetan eten zuen bidea. Gaua zen, eta ez zegoen inor kalean.
Halako batean, emakume bat gerturatu zen Andonirengana. Horditurik sumatzen zitzaion.
 
- Nora zoaz, guapo?
- Etxera. Eta zu?
- Nik ez daukat presarik.
 
Emakumea Andoni laztantzen hasi zen, ukondotik bularreraino. Makillaje gehiegi zeraman.
 
Munstro bat zirudien. Baina Andonik bere gizontasuna erakutsi nahi zuen, eta musukatzen eta ukitzen hasi zen. Alua zeharo lehorra zuen. Ez zegoen lubrikatzeko modurik. Andoni zakila kanpai joka hasi zen. Denbora asko zeraman emakume batekin halako tenore hartan egon gabe.
 
Emakumea zikintzea ekiditeko, hazia beste alde batera zuzendu zuen. Are itsusiagoa iruditzen zitzaion Andoniri eme hura.
 
- Beno, etxera noa – esan zion Andonik, kopetako izerdia maukarekin kenduz.
Apur bat damuturik oheratu zen... ez dit kobratu, arraroa... Nolatan bero jartzen nauen, eta bera apenas eszitatu... goazen lo egitera, bihar beste egun bat izango da.
 
Hurrengo egunean Andonik ezustekoa izan zuen. Eguerdia zen eta Bixi bere txakurra kalera atera behar zuen. Ehun bat metro, eta zeinekin topatuko, aurreko gaueko emakume bera banku batean eserita, eta haren ondoan gizon bat (senarra litekeena) eta haurra.
 
Andoniri eme haren aurpegia, bart jazotakoa baino lehen, apur bat ezaguna zitzaion, baina hori: apur bat. Hau kasualitatea, pentsatu zuen Andonik. Aldamenetik pasa, eta inork ez zion begiradarik bota.
 
Horrelako kasualitateak biderkatu egin ziren, kasualitate izatea uztera arte. Hala ere, Andoni dardarka jartzen zen.
 
Gizonak nahiko normala ematen zuen. Ez zuen bere aldameneko emakumearen zoro aldarte itsusi eta beldurgarria. Haurrak ere, normala zirudien. Baina inork ez zion Andoniri begiratzen txakurrarekin gertutik pasatzen zenean.
 
Halako batean, Andoni ez zen beraiekin gurutzatu. Zein arraroa, pentsatu zuen berriro ere. Bai, bi aukera nituen: esplikazioren bat eskatzea, edo gauzak bere horretan uztea, jakin-mina asetu gabe.
 
Aitortuko dizuet, bukatzeko, susmatuko duzuena.
 
Bai, buruko gaixotasun bat daukat. Pilulek ematen didate bizitza. Aspaldian ez nintzela hain ondo sentitzen. Baina ahoskatzeko arazoak ditut, eta jendeak karino gutxi eman dit, ia ezer. Eta emakumerik ez. Maite ditudanek maite naute. Lagunak lore bitxi eta lirainena bezain ondo maite behar ditut. Ez dut besterik: familia eta lagunak. Leihotik neguko lehen elur malutak erortzen ikusten ziren. Bakardade hori gustukoa zuen. Malko bat irristatu zitzaion. Hainbeste zekien bakardadeaz... Eta Joycen Dublindarretan bezala, elurraren erortzearekin, inoiz ikusitako irudi eta entzundako berba triste eta ederrenak etorri zitzaizkion gogora.