‘Hurbilduz’ programa aurkeztuko du Agifesek, depresioa eta osasun mentaleko bestelako arazoak dituzten pertsonak identifikatu eta artatzeko

 

Agifesek, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, datorren otsailaren 18an, asteartean, ‘Hurbilduz’ programa aurkeztuko du, depresio-sintomak edo bestelako arazo psikikoak dituzten pertsonak artatzeko helburua duen egitasmoa. Agifesek hauteman duen beharraren ondorioz jaio da programa hau, gero eta pertsona gehiago bertaratzen baitira elkartera laguntza eske. Gainera, depresioaren intzidentzia handia da. Egun, gizonen % 9k eta emakumeen % 17k dute desoreka honen diagnostikoa Euskadin, eta sufrimendu psikikoa duten pertsonen kopurua are handiagoa da. Azpimarragarria da, halaber, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten duela EAEn.

Egoera horri aurre egiteko, Agifesek erronka berri bati heldu dio. Artatze-metodologia berritzailea bultzatu du profesionalak laguntza behar duten pertsonak dauden tokiraino hurbiltzeko xedearekin. Bereziki, laguntza-saretik urrun daudenei eman nahi diete babesa, baina  beharra duen orok ere jasoko du arreta.

Pertsona horiengana gizarte-eragile anitzen laguntzarekin gerturatuko dira; besteak bsete, gizarte-langileen, medikuen, larrialdi-teknikarien, eta erizainen lankidetzarekin, baita buru nahasmendua duen pertsonaren ingurukoen eta senideen bitartez ere. Guztien elkarlana lagungarria izango da depresio edo sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta laguntza eskatzeko zailtasuna duten pertsonak hautemateko.

Ekitaldia Koldo Mitxelenan izango da, 18:30etik aurrera, eta hitza hartuko dute Agifeseko gerente Ruth Encinasek, Maider Gorostidi psikologoak eta Verónica Pazos gizarte-langileak.

 

Sare sozialik ez duten pertsonak artatu

Programaren helburua ia sare sozialik ez duten pertsonak identifikatu eta eurengana hurreratzea da, euren egoeraren ebaluazioa egin, laguntza eta konpainia eskaini eta sentimenduez nahiz emozioez hitz egiteko, adibidez. Era berean, hartu-eman sozialak errazteko laguntza jasoko dute zerbitzuaren erabiltzaileek, baita kudeaketa burokratikoak, medikuari bisitak, erosketak edo bestelako zereginak gauzatzeko ere. Gainera, pertsona horiek gizarte eta osasun sareetan eta komunitatean sartzeko xedearekin, gizarte-eragileek behar terapeutikoak antzemateko eta horiei aurre egiteko tresnak eskuratuko dituzte.

Agifeseko lantaldea izango da laguntza behar duten pertsonengana hurbilduko dena, eta hori da programaren ezaugarri nagusia, beste zerbitzu batzuekiko aldea markatzen duena. Gainera, esku-hartzea erabat indibidualizatua izango da eta diziplina anitzeko taldeek gauzatuko dute, psikologoen, gizarteratze-teknikarien, gizarte-langileen eta elkarrekiko laguntza-eragileen elkarlanean oinarrituz.

 

Eskainitako zerbitzuak

‘Hurbilduz’ programak zerbitzuak eskaintzen ditu depresio-sintomak dituzten pertsonentzat eta haien senideentzat. Osasun mentaleko arazoren bat duten pertsonen artean, Agifesek banakako esku-hartzea eskaintzen du etxez etxe zein erabiltzailea bizi den ingurunean. Halaber, taldeko saioak egiten dira: depresioari buruzko tailerrak eta laguntza-taldeak. Senideek, berriz, banakako laguntza psikologikoa jaso dezakete, eta talde psikohezigarrietan nahiz laguntza-taldeetan parte hartu ahal izango dute, besteak beste.