EUSKARAZKO IDAZLAN ONENA: "Bizitzaren ulermena aldatzen zaigunean"

MariJoxe Azurtza
Ostirala, 2015, Urtarrila 30
Zure gelako txoko batean zaude eserita, hormaren aurka, uzkur-uzkur, dardarka. Bukatu da bizitza zuretzat. Bukatu da dena. Akabera da. Puskatua zaude. Eta orain zer...?
 
Inoiz esperoko ez zenukeena ikusi duzu zure begi aurrean eta ez duzu zutik  jarraitzeko beste indar eduki: lurrean makurtuta eseri zara. Bazter batean gainera. Uzkurtuago egotearren, kiribilduta zaude ia-ia, lurzoruan: ama lurra, babesa ematen. Zu, ama lurraren babesa jasotzen. Esku batekin bestea eusten ari zara, dardara gelditu edo kontrolatuko duzunaren itxaropenean. Ezin. Ez da nahikoa: Hor zaude, gorputzaren hotzikara lasaitu nahian, shock egoeran, ikusi duzuna egia dela badakizulako, ezin buelta eman. Begirada galdua, ikusitakoaren oroimenean murgildua. Burua lainotua, lausotua. Ez duzu sentitzen ari zarenaren aurka indar egiteko kemenik ere… Nolatan!
 
Izu-ikara. Arrotz zaizun munduan ezusteko zuzena izan duzu. Gaineratu egin zaitu begi-bistakoak eta larri zaude. Olagarro baten besarkadapean bazeunde adinako presioa nabari duzu bular aldean. Arnas estua, ito larria, blokeatzea, mugimendu eza, beldurra, ezezagunak eraginda. Zuk ez zenuen halakorik uste beragandik, sekula, ez gertuko inorengandik ere, inoiz ez. Zure irudimena gainditu du. Zure muga.
 
Arnasa sakon hartu, arnasa gogor eta luze bota… Ea horrek lasaitzen zaituen. Hartu eta bota, hartu eta bota… ezer ere ez! Berdin zaude. Zein kontu aldrebesa eta makurra zuretzat, zorigaiztokoa. 
 
Ez zara hobetu. Buruak berean darrai eta dirau. Begiztatutakoak burua ilundu dizu. Ziklo hertsi batean sartua da, “zergatik, zergatik...” hasiera eta bukaera berbera duen ziklo nahasgarrian. Ezin hortik atera. Garrasi egin nahi duzu, norbait astindu! Intziri antzekoa egitea lortu duzu bakarrik ordea eta ez da nahikoa hau ere zure burua bizkortzeko. Burua nekatzen ari zara alperrik: indarge ­nabari duzu. Beste dardara bulkada batek hartu zaitu. Etsi duzu. 

***

Gelara sartu zen 33 urtetako andrea. Berak eskatu zuen ordua, bere lagun batzuk hala bultzatuta.  Zuzen zihoan jantzita, ondo zaindua eta begirada zolia zuen. Ile motza zuen eta ez zuen belarritakorik. Ez zirudien batere pinpirina. Argi hitz egin zuen sikiatrarekin. Zirudienez moja izateko eskaera egin zuen kongregazio batean bigarren aldiz eta onartua izan zen, baina joateko eguna baino bi aste lehenago panikoa sartu zitzaion eta ez zihoala esan zuen negar artean. Nahikoa zitzaiokeen erabaki horri eustea, baina nahi zuen eta ez zuen nahi une berean. Ez omen zen “ez, bai, ez, bai” aritu zen lehen aldia. Moja izan nahi zuela zioen, baina bere herria eta hizkuntza utzi eta galduta sentitzeko ikarak gaineratzen zuela esan zion sikiatrari.... berriz atzerritar izateko beldur zela, bereziki, “bertakoa” izatea egia bezala sentitzen zuen ziurtasun bakarra izanik. “Hemengoa naiz, hemen nago errotua eta aldatuko ez den bakarra nire aurrean dauden mendi eta larre hauek dira. Nire amonak ere berberak ikusten zituen. Hau ez da aldatuko, gainontzekoa bai”. 
 
Ziurtasunaren eta egia/gezurraren ikuspegi hau goitik behera aldatu omen zitzaion hiru bat hilabete lehenago, ezuste handi bat izan zuenean: bere aurrean ustez hilda zegoen aita agertu zitzaion. Ez zuen beste inork ikusi, berak bakarrik, eta egia zela bazekien. “Zu ez zara gure alaba: erosi egin zintugun” aitortu zion. Aztoratu eta nahastu egin zuen. Aita nola lurperatu zuten gogoratzen zuela uste bazuen ere, gezurra izan behar zuen oroitzapen hark, aita bere aurrean ikusi baitzuen egun berezi hartan. Handik aurrera ez zuen erabaki argirik lotzea lortzen eta ama zein lagunak gezurretan ari zitzaizkiola sumatzen hasi zen: haiek aita lurperatua zegoenaren oroitzapena benetakoa zela sinesten zuten eta sinestarazi nahi zioten. Apropos ari ziren. Hilobi aurrera eraman zuten ere, baina berak bazekien norbait aritu zela aitaren izena idazten denek gezurra sinets zezaten, aitak berak esaterako. Lagunek konbentzitu zuten sikiatra batekin hitz egin zezan, haiek ere joango zirela hitz emanda. 

***

Ez zaude ondo: izu-ikarak datozkizu dardara baretu ahala. Kikilduta zaude bazterrean, bihotzildua. Arnas estua duzu oraindik, arnaska ari zara, ikusitakoak eraginda, ikasitakoak bultzatuta. Arnas larria duzu, presaka… larritasuna eta negar egiteko gogo bizia, baina ezina. Ez datorkizu malkorik: negarrak lasaituko zintuzke, baina ezin.
 
Ez duzu ulertzen, ezin baituzu. Mozkor baten zantzua nabari duzu buruan, itsutua baituzu, jokaera ezin zuzendu.
 
Ez dakizu nori esan, nori deitu, norekin hustu barrena. Ez da atsegina. Ez da erreza. Ez da ile-apaindegian konta dezakezun gorabehera: esan eta denek parte hartuko luketen horietakoa. Arrotz zaizu mundu honetako beste mundu hori: jendearen salerosketa. Izu-ikarak eta negarra tartekatzen hasi zaizkizu orain. Bata orain, bestea gero. Egia hondoa hartzen hasi da. Ikusitakoa ezin duzu ukatu. “Zergatik, zergatik?” –  galdetzeari ekin diozu, aireari, pareko horma zuriari, ama-lurrari. 
 
Zer da egia bizitzan? Zein da nire egia? Egian oinarritutako harremanetan bizi ote naiz? Nirekin harremana duen nork gehiagok ote du ezkutuan tamaina honetako egiarik? Zer dut egia eta zer gezurra ustezko nuen bizitza finkatuan? 
 

***

Pasatakoak bere moja izateko erabakian zergatik eragin ote zion galdetutakoan lurreko oinarria desagertu eta bat-batean airean oinez ibiltzen ekitea bezala izan omen zen esan zuen lasai. Oreka galtzea. “Zergatik esan ote zizun hori aitak?” “Egia jakin nezan”. Bat-batean ez ote zizkion bere haurtzaroko mamuak esna arazi susmatu zuen sikiatrak eta astero etortzera gonbidatu zuen. 
 

***

Negar zotinka ari zara orain, malkoak xurgatzeko ez direlarik nahikoak dituzun hamar hatzak ezta soinean daramazun niki zarpail ziztrina ere. Mukiak kendu dituzu nikiarekin ezinbestean, ez baitaukazu muki zapi baten bila jaikitzeko nahiko kemen oraindik. Lurrean darraizu, ama lurraren babesean. Kili-kolo, kikilduta lurrean. Biribilduta, zure buruari zerorrek besarkada emanda.
 
Negarrez ari zara, arnasestuka. Etxekoen artean beste inork badakien jakin nahiko zenuke oraintxe bertan, lagungarria litzaizuke ikusitakoaren susto bortitza elkarbanatzeko eta baretzeko. Nola galdetu ordea! Zein hitz multzo erabili beharko zenuke! Ez litzateke erreza izango nahi duzun erantzunerako galdera egokia topatzea. Etxekoek ezer ez balekite zuk ez baitzenuke ezeren susmo txarrik piztu nahi, haserreak eta ezinikusiak ekiditearren. Ez duzu gorrotorik sortu nahi… begiztatutakoa zuen balioetatik antipodetan baitago, egia ezkutatzea. 
 
Kontu aldrebesa. Negar zotina, buruko mina.
 

***

Urte erdia daramate terapian, baina ez du hobekuntza nabarmenik nabaritu sikiatrak. Idoiak aita ikusten jarraitzen du eta denetatik esaten dio, bera aztoratuz... ohartu da hildako aita berpiztuarekin bizitzen irakatsi beharko diola Idoiari nolabaiteko oreka lor dezan, agian hori dela lor dezakeen mailarik gorena eta sendabide bakarra, haluzinatze batekin bizitzen ikastea.