Antsietate nahasmenduak

Antsietatean oinarritako erantzunak arriskuaren aurrean sortzen diren bat-bateko erreakzio defentsiboak dira. Banakoaren segurtasuna arriskuan jartzen duten egoera horien aurrean agertzen diren erreakzio horiek erantzun adaptatiboak dira; hau da, gu babesteko funtzioa daukate.

Antsietate nahasmenduen kasuan, berriz, beldurrak eragindako erantzunak biziraupenerako arriskurik ez dagoenean agertzen dira. Gaur egun ohikoak dira horrelako erreakzioak eta gizakiok beldur-erantzunen alderdi kaltegarriak kontrolatzen ikasi behar du (horiek, kasu larrienetan, fobia edo antsietate nahasmendu bilaka daitezke).

Zeintzuk dira mota nagusiak?

Antsietate nahaste mota anitzak daude. Bakoitzak bere berezitasunak ditu:

  • Erabateko antsietate nahasmendua daukaten pertsonek beldur eta kezka dituzte etengabe, esate baterako osasunaren edo egoera ekonomikoaren inguruan. Eta maiz zerbait txarra gertatuko denaren susmoarekin bizi dira. Sentimendu sendo horien kausa ezagutzea zaila izan daiteke. Hala ere, beldurrak oso errealak dira eta askotan ez diote uzten pertsonari eguneroko jardueretan kontzentratzen.
  • Izuaren nahasmenduak ikara sentimenduak sortzen ditu, bat-batean. Orokorrean, nahasmendu hori daukaten pertsonak beldur dira noiz eta nola gertatuko zaien hurrengo krisia; eta hortaz, askotan mugatu egiten dituzte euren jarduerak.
  • Nahaste erlazionatuaren kasuan, fobia eta beldur handiak ditu pertsonak objektu edo egoera batekin lotuta. Fobia espezifikoak dituen pertsona animali batzuen edo hegazkinean ibiltzearen beldur izan daiteke. Fobia sozialak, berriz, leku publikoekin eta egoera sozialekin lotuta daude.
  • Nahasmendu obsesibo-konpultsiboak sentimendu eta pentsamendu iraunkorrak eragiten ditu, kontrolaezinak eta nahi ez direnak (obsesioak). Gainera, pertsonak pentsamendu (konpultsio) horiez ihes egiteko erritualak egin ohi ditu: adibidez, eskuak edo etxea gehiegi garbitzea germenei beldur delako, edo gauzak behin eta berriro berrikustea erroreak hautemateko. 
  • Trauma fisiko eta emozional larriak dituzten pertsona batzuek (adibidez, hondamen natural bat, istripu bat  edo delitu larriren bat jasan dutenak) estres postraumatikoaren nahasmendua eduki dezakete. Egoera traumatikoa gogora etortzen zaie maiz eta, horren eraginez, pentsamendu, sentimendu eta jokabide ereduetan aldaketan abarmenak antzeman daitezke ezbeharraren ondoren hilabete edo urteetan.
Muturreko beldurra, aire falta, takikardia, insomnioa, goragalea, dardarak, mareoak… antsietate nahasmenduen ohiko sintomak dira. Edozein momentutan gerta daitezke, baina normalean nerabezaroan edo heldutasun garaiaren hasierako urteetan agertzen dira. 
 

Zergatik da garrantzitsua nahasmendu hauentzako tratamenduak bilatzea?

Antsietate nahasmenduek, ez badira tratatzen, ondorio larriak ekar ditzakete. Adibidez, maiz izu krisiak sufritzen dituzten pertsonek ikara sorrarazten dieten egoerak ekiditen dituzte kosta ahala kosta. Ihes egiteko behar horrek arazoak ekar ditzake laneko baldintzekin, familia barruko betebeharrekin edo eguneroko bizitzako beste oinarrizko jarduerekin talka egiten duenean.

Antsietate nahasmenduak dituzten pertsona askok, tratamendurik ez daramatenean, beste nahaste psikiko batzuk eduki ohi dituzte; adibidez, depresioa. Alkohola eta bestelako drogak gehiegi kontsumitzeko joera ere izan ohi dute. Familiarteko, lagun eta lankideekin tirabira handiak sor daitezke, eta lanean ere arazoak izaten dituzte, eraginkortasuna galtzen baitute.

Antsietate nahasmenduentzako tratamendu eraginkorrik ba al dago?

Noski baietz. Antsietate nahasmendu gehienak tratatu daitezke eta emaitza onak lortu, osasunaren eta buru osasunaren arloko profesionalen laguntzarekin. Hainbat ikerlanek frogatu dute bai jokaera-terapia eta bai kognizio eta jokabide terapia oso eraginkorrak izan daitezkeela. Psikologoek terapia modu horiek erabiltzen dituzte pazienteek ikas dezaten nola hauteman eta kontrolatu antsietate egoerak eragiten dituzten faktoreak.

Jokaera-terapia aipatutako buru nahasteekin lotutako nahi gabeko jokabideak murrizteko edo eteteko baliagarria da. Esate baterako, erlaxazio eta arnasketa sakoneko teknikak erabiltzen dira asaldurari aurre egiteko eta hiperbentilazioa ekiditeko (azaleko arnasketa azkarra).

Terapia kognitiboaren bitartez, pazienteek ikasten dute beren pentsamenduek eragina daukatela sintomen sorreran. Gainera, pentsamendu-ereduak aldatzeko lan egiten dute, erreakzio horiek gutxitze aldera. Nahastea duten pertsonak euren kognizio moduaz kontziente egiten doazen heinean, jokabide-teknikak erabiltzen dituzte profesionalek askotan, pazienteak pixkanaka beldur egoerei aurre egiten joan daitezen ingurune kontrolatu eta seguruan.

Psikoterapiarekin batera, medikazio egoki eta eraginkorra erabiltzea tratamenduan garrantzitsua izan daiteke.