‘Zeuk Aukeratu’, haur eta nerabeak buru osasunaren inguruan sentsibilizatzeko programa

 
Urte hasieran proiektu berria abiarazi zuen Agifes elkarteak. Zeuk Aukeratu programa 10 eta 18 urte arteko haur eta nerabeei zuzendua dago eta buru osasuneko arazoak prebenitzea nahiz gaiaren inguruan sentsibilizatzea du helburu.
 
Adin txikikoen osasun mentala garapen alderdiekin lotu ohi da: norbere nortasunaren ikuspegi positiboa izatearekin, pentsamendu nahiz emozioak kudeatzeko gaitasuna edukitzearekin eta gizarte-harremanak lantzeko gai izatearekin.Buru osasuna haurtzaroan eta nerabezaroan errotzen da, hain zuzen. Hori dela eta, Zeuk Aukeratu programaren bidez, “buru nahasmenduak ongi kudeatzeko erreminta egokiak eskaini nahi dizkiegu gaztetxoei, horrelako egoerak sortzen direnean aurrera egiteko gai izan daitezen”, adierazi du Agifeseko psikologo Nekane Azuabarrenak.
 
Egitasmoa 2019 amaieran egituratu zen, Hernaniko Inmaculada ikastetxeko LH5eko haurren eta Karabelekoko erabiltzaileen arteko hartu-eman saio batzuen harira. Ikasgela bakoitzak bina saio izan zituen buru osasunaren inguruan; bata Hernaniko etxaldean, bertan lan terapeutikoa egiten ari diren pertsonekin harremanean egoteko eta elkar ezagutzeko, eta bestea eskolan, kontzeptuak jolasaren bitartez barneratzeko. Hala nola emozioak identifikatzen, errespetatzen eta adierazten ikasteko jokoak landu zituzten. “Esperientzia horri esker konturatu ginen neska-mutil askok buru osasuneko arazoak zituztela inguruan, familian, eta oso lagungarria dela adin txikikoekin sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak gauzatzea”, baieztatu du programaren arduradunak. Behar horri erantzuna emateko sortu zen Zeuk Aukeratu programa. Ikasleei laguntzea ez ezik, proiektuaren ardatz nagusietarikoa da irakasleei oinarrizko prestakuntza eskaintzea, buru osasunarekin loturiko arazoak hautematen eta kudeatzen jakin dezaten. Besteak beste, osasun mentaleko arazoen seinale goiztiarrak identifikatzeko jarraibideak jasotzen dituzte, baita babes- zein arreta-baliabideetara zuzendu ahal izateko informazioa ere.
 
COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiak eztanda egin aurretik, hainbat saio burutu zituen Agifesek Urnietan eta Andoainen, eta deiak jaso zituen Eibarko, Donostiako eta Hondarribiko zentroeta lan egiteko, baina azken horiek bertan behera geratu ziren pandemiaren erruz.Zehazki, Urnietako Salesianos ikastetxean izan zen Agifes urtarrilean, 16 urte inguruko formakuntza profesionaleko ikasleekin, haien irakasleek beharra ikusi baitzuten drogen eta buru gaixotasunen inguruan sentsibilizatzeko. Otsailean, berriz, Andoaingo Leizaran ikastetxeko Batxilergoko ikasleek jaso zuten prestakuntza. Gizarte-gaietara bideratutako gazteek ikasgai espezifikoagoa izan zuten, gizarte-laguntzaren arloko profesionalen paperaren inguruan.
 
Orain arte gauzatutako saioen balorazio “oso positiboa” egin du Azuabarrenak, “gai hauen inguruan ezjakintasun handia dagoelako, eta irakasle asko benetan kezkatuta daudelako, ez dakitelako nola jokatu horrelako arazoen aurrean”. Osasun-egoera sozialak hobera egin ahala, ikastaroekin jarraitzeko asmoa dago, eta etorkizunera begira, gaian sakontzen jarraitzea da helburua. “Oinarri-oinarrizko prestakuntza eskaintzen hasi gara, eta programa garatzen goazen heinean esku-hartze are sakonagoa egitea gustatuko litzaiguke; izan ere, ezinbestekoa da hezkuntza-sisteman parte hartzen duten eragile guztien prestakuntza bultzatzea eta familiak prozesu honetan inplikatzea”.