“Agifesen nagoenetik maitatuagoa eta onartuagoa sentitzen naiz”

“Agifesen nagoenetik maitatuagoa eta onartuagoa sentitzen naiz”. Horrela mintzatu zen elkarteko aisialdi taldeko kide Ixiar Iraola, apirilaren 4an Euskal Herriko Unibertsitatean egin zen jardunaldi batean. Bere bi kidek, Martín Combeauk eta Iñaki Gorostidik, ere hitza hartu zuten buru osasunari eta esku-hartze soziohezitzaileari buruzko topaketan, unibertsitateko dozenaka ikasleren aurrean.
 
Hirurek azpimarratu zutenez, elkar laguntza oso mesedegarria izan zaie buru gaixotasunaren hainbat etapa gainditzeko. Martín Combeauk jada bost urte daramatza aisialdi taldean eta, jakinarazi zuenez, “babestuta” sentitzen da eta kideek hobeto sentiarazten diete momentu txarretan. Bere errekuperazio prozesuan laguntzen dioten profesionalek motibatuta, Iñaki Gorostidik onartu zuen errehabilitazio zentroetara joaten jarraitu nahi duela gero eta “autonomoagoa” bilakatu ahal izateko. “Asko sufritzen duzu, baina zure bizitzarekin aurrera jarraitu behar duzu. Aurrera egiteak merezi duela sinetsi behar duzu. Ikastea gustatuko litzaidake, baina nire egungo egoera ikusita ez naiz animatzen; badakit non dauden nire mugak”, aitortu zuen. Bestalde, Ixiarrek elkartean oso pozik dagoela nabarmendu zuen, eta “orekatuagoa” sentitzen dela azaldu zuen, “lan egiteko gai zarela ikusteak asko laguntzen duelako”.
 
Verónica Pazos Agifeseko gizarte-langileak eta aisialdi taldeko arduradun Yolanda Guillének ere parte hartu zuten mahai-inguruan. Aurretik, gainera, Zaragozako Carmen Ferrer eta Antonio Tarín psikiatrek hitz egin zuten.
 
Agifeseko aisialdi programako erabiltzaileek gustukoak dituzten jarduerak proposatzeko aukera dute. Eta, hain zuzen, aisia euren kabuz antolatu dezaten sustatzen dute bertako profesionalek. Tailerrak, oporren antolaketa, hizkuntzen ikaskuntza… denetarik egiten dute Donostiako zentroan. “Aisialdi taldean euskara irakasle gisa jardutea motibazio handia da niretzat, beste gauza batzuk egiteko ere lagungarria zait”, aipatu zuen Iñakik. 
 
Hiru pertsona horien esperientzia entzuteaz gain, Agifes elkartea bera ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek. Verónica Pazosek azaldu zituen buru osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko eta buru gaixotasuna gizartean normalizatzeko gauzatzen diren zerbitzu eta ekintzak.

 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.