“Buru gaixotasuna hautematen lagun dezaketen harreman arazoak detekta daitezke haurtzaroan”

Bitxori Bravo psikiatrak uste du “familia, gizarte eta eskola mailako harremanetara egokitzeko  gaitasunak eta baliabideak jaio aurretik garatzen hasten direla”. Pasa den ekainaren 10ean Urretxun eskainitako hitzaldian ziurtatu zuenez, “lehen urtean haurrak moldatzeko zailtasunak dituela ikus daiteke, eta buru gaixotasun larriak detektatu. Euren ondoan dituzten pertsonekin harremantzeko moduan, psikosia dagoela adierazten duten seinaleak hauteman daitezke”. Batzuetan gertuko senideak, gehienetan amak, “konturatzen dira umeak desberdin begiratzen dietela”, aitortu zuen; anai-arrebekin edo beste umeekin alderatuta, zerbait desberdina dagoela antzematen dute. “Ingurukoekin erlazionatzeko eta hitz egiteko moduak ere erakusten digu haur horrek zer nolako gaitasuna duen harremanetara egokitzeko”. Hala ere, adin txikietan diagnosi zehatza ematea ez dela posible onartu zuen adituak.
 
Umea amarengandik “askatu eta urruntzen” doa konturatzen den heinean bere beharrak betetzen dituen pertsona hori ez dagoela beti “beretzat eskuragarri”. Orduan, behar berriak sortzen dira umearengan: behar duena eskatzeko pentsamendua eta hizkuntza garatzea, hain zuzen. Horrek bere burua egituratzen, garatzen eta beste pertsonekin harremantzen laguntzen dio.
 
Pertsonaren  bizitzan banantzea gertatzen den bakoitzean, “erlazionatzeko gaitasuna probatzen dela” jakinarazi zuen Bravok.  Eskolara joaten hasten direnean, ume batzuk “itxuraz segituan egokitzen dira”, baina ez dute gurasoei agur esateko ahalmenik. Adituaren hitzetan, “moldatzeko zailtasunaren seinale da hori”.
 
Umeak irakurtzen eta idazten hasten direnean ere, 5 edo 6 urterekin, zailtasunak ikus daitezke, hizkuntza berri batekin erlazionatzen ari direlako. 12 urtetik aurrera, “konturatzen dira gurasoak ez direla pentsatzen zuten bezalakoak, eta ondorioz, aita-amen irudi berria eraikitzeko beharra daukate”. Adin horretan ziklo berriari ekiten diote eskolan eta orduan hauteman ohi dira harreman zailtasun larriak. “Batzuetan ez dute lortzen ikasteko modu berri horretara pausoa ematea edota betiko lagunekin nahiz berriekin harremantzeko modu berrira egokitzea”.
 
Adituaren esanetan, 12 eta 14 urte artean “agresibitate jarrerak agertzen dira maiz, eta lagunen zein errealitatearen ikuspegia  deformatzen has daiteke”. Gainera, 14 eta 16 urte artean sexu-nortasunarekin loturiko arazoak ere ager daitezke. “Buru gaixotasun askoren hasiera adin horietan ematen da”, Bravok aditzera eman zuenez.
Aurrerago, pertsonak beste momentu garrantzitsu batzuei aurre egin beharko die; esaterako, ikasketa-bidaiei edo gau-irteerei. Bravok esan bezala, zenbait pertsonek oreka galtzeko eta errealitatearekiko harremana hausteko arriskua dute, mina eragiten dieten egoera batzuk jasan ezin dituztenean. 
 
Horrelako desorekak gerta daitezke pertsonak barne-egituran hutsuneren bat duenean. Zenbaitetan, modu jakin batean esandako esaldi bat izan daiteke krisiaren faktore leherrarazlea, pertsonaren barne-antolakuntzan ez duelako tokirik topatzen. Lan berria hasterakoan, lehen sexu harremanetan edota haurrak jaiotzerakoan ere gerta daitezke krisiak.
 
Errealitatearekiko haustura sortzen denean, ingurukoen jarrera oso garrantzitsua da. Bravok azpimarratu zuenez, horrelako egoeretan agertzen den estutasunari eta desoreka izan duen pertsonari harrera egiteko moduak zeresan handia du gaixotu den pertsonaren garapenean.