“Buru-nahasmenduak tratatzerakoan, organismoa orekatu behar da lehendabizi”

Insumed Medikuntza Biologikoko Goi Mailako Institutuko zuzendari Felix Irigoyen medikuak baieztatu zuen atzo, Ibiltzen Benta Berrin, “buruko gaixotasun guztiak asaldura metaboliko multzo batek eusten dituela. Disfuntzio organikoa ezagutzen ez badugu, ezin dugu nahasmendua sendatu”.

Agifesen sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ‘Buruko nahasmenduak eta medikuntza biologikoa’ izenburudun hitzaldian Irigoyenek ohartarazi zuenez, “medikuntza zientifikoak ez dauka patologien jatorrietara iristeko gaitasunik”. Hala eta guztiz ere, azaldu zuen medikuntza biologikoak, bere izenak dioen bezala, biologiaren ezagutza barneratzen duela. Zientzia horrek aztertzen du organo batzuek nola “eraso” egiten dieten beste batzuei urrutitik. “Begi bistako ezagutza bada ere, medikuek ez dute horren inguruko gogoetarik egin”, baieztatu zuen adituak.

Psikiatria tradizionala gaitzesteko asmorik ez zuela nabarmendu zuen eta errespetuzko jarrera azaldu zuen ohiko farmakologia-tratamenduen aurrean, buruko gaitza duten pertsonen sintomak kontrolatzea lortzen baitute. Gainera, erantsi zuen medikuntza horrekin bateragarria dela bere planteamendua, baina honek aukerak zabaltzen dituela, gaixotasunaren kausak aurkitzen baititu.

Adibide moduan, komentatu zuenenez, oftalmologoak “oso ondo ezagutzen du” sistema okularraren inguruan sortzen diren patologiak, baina “ez daki oinarrizko galderari erantzuten: zergatik gertatzen diren”. Espezialista hori “ez da gai imajinatzeko makulan sortzen den lesio bat gibelaren hiperfuntzionamenduaren ondorio izan daitekeela”, adierazi zuen. Hala ere, errepikatu zuen ez zituela medikuak “kritikatu” nahi: “Pertsona heroikoak dira, baina ezagutza osagabea dute”.

Mendebaldeko medikuntzaren “mugez” kontziente, Irigoyenek bidaiatzeari eta ikertzeari ekin zion, eta Txinako medikuntzarekin egin zuen topo. Zehazki, Nafarroan duen (Zizur Nagusian) institutuko ikertzaile lantaldearen helburu nagusia da medikuntza zientifikoa Asiako herrialde horretako medikuntza tradizionalarekin uztartzea eta, horrela, “diagnostiko biologiko integral” izeneko “osasun-paradigma berritzailea” garatzea.

Eskizofreniaren eragileak
Irigoyenek espezifikatu zuen bi eskizofrenia mota daudela: pertsonari izaera “hiperaktiboa eta erasokorra” eragiten diona (‘Yang’ motakoa, berak izendatu zuen moduan), eta pertsona “lasaiagoek” dutena, “erantzuteko mantsoak” direnek (‘Ying’ mota). Hizlariak amorruz jokatzen duten gaixoen kasuan sakondu zuen: “Indar basatia dute eta neurririk gabe jaten dute”.

Hira hori, adituaren hitzetan, “gibelak sortzen du”. Aditzera eman zuenez, organo horrek modu ezegokian funtzionatzen duenean, entzima jakin batzuk produzitzen ditu gehiegi; horiek odolera pasatzen dira, garuneraino iristen dira eta berau kaltetzen dute. Zentzu horretan, Sevillako Virgen del Rocío ospitalean espezialista batzuekin sortutako lantalde batekin egindako ikerketari erreparatu zion. Bertan, eskizofrenia zuten 18 eta 28 urte arteko hainbat gizonezko aztertu zituzten. “Guztiak ezberdinak ziren, baina euren biologian ezaugarri komuna zuten: gehiegizko sumina sortzen zuen gibel hiperaktiboa”. Organo horren ezohiko funtzionamenduak “eskizofreniaren etiologiaren %30 eragiten du”. Horren harira, argitu nahi izan zuen bere funtzioa ez dela organismoa sendatzea, eta tratamendu psikikoa psikologoen eta psikiatren esku dagoela.

Medikuntza biologikoaren tratamendua
Korronte honetako medikuek pazientearen “zeinu, seinale eta sintometan” oinarritzen dituzte euren diagnostikoak. “Lepotik gora, esaterako, 180 sintoma ezberdin baloratu ditzakegu; hala nola, ile mota, azalaren testura eta kolorea, etab.”, zehaztu zuen.

Medikuak ezagutarazi zuen kontsulta bakoitzean “30 edo 40 ardatz metaboliko” apuntatzen dituela eta gaixoari egokitutako tratamendua prestatzen duela. “Pertsona bakoitza ezberdina da eta, beraz, fitoterapia zuzentzaile pertsonalizatua proposatzen dugu guk, ez patologia jakin bati aurre egiteko botika konkretu bat. Ez dago gaixotasunik, pertsona gaixoak baizik”, azpimarratu zuen. Bere azterketen arabera, “20 egunen buruan erantzun positiboa” lortzen da pazientearen eboluzioan.

Kelgra eta Erlingen laborategien zuzendaria ere bada Irigoyen. Horietan 700 prestakin baino gehiago ekoizten dituzte, fitoterapia oinarritzat izanik. Halaber, bosgarren ediziora iritsi den 'El Otro Paradigma, Puente entre técnicas médicas' liburuaren egilea da.

Insumed institutuko arduradunak gonbita luzatu zuen gaixotasun konkreturen baten inguruko informazioa lortu nahi duen edonork berarekin harremanetan jar dadin. Eta eskatzen duenari doaneko dokumentazioa bidaltzeko konpromisoa hartu zuen.

INSUMED | Medikuntza Biologikoko Goi Mailako Institutua
Zabalgaina kalea, 21
Zizur Nagusia (Nafarroa)
T. 948 189 894 •- Fax 948 286 288
info@insumed.es
www.insumed.es

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.