“Depresioa gainditzeko aldaketarako borondatea behar dugu”

Depresioa gainditzea posible da, baina horretarako geure burua aldatzeko borondatea behar dugu; eta ingurukoen laguntza ere ezinbestekoa da”. Azaroaren 27an Arrasaten eskainitako hitzaldian, mezu baikorra helarazi nahi izan zuen Yolanda Iglesiasek; krisi sozioekonomikoaren eraginez hedatzen ari den buru nahasmendu horretatik irteteko aukerak badaudela azpimarratu zuen. 
 
Depresioaren atzean bizitza ulertzeko modu jakin bat dagoela adierazi zuen Agifeseko psikologoak. Izan ere, faktore anitzek eragiten duten arren, kausa nagusia norbere pertsonalitatea da. “Depresioa duten pertsonak beren buruarekin oso zorrotzak dira, autoestimu baxua daukate eta bizitza ezkortasunez ikusten dute”, jakinarazi zuen Iglesiasek. Patologia horri aurre egiteko, “autoirudia eta eguneroko gertakizunak behatzeko modua” aldatu behar ditu pertsonak.
 
Botikek lagun dezaketela onartu zuen adituak, baina norbere burua ezagutzea eta zaintzea beste ezer baino garrantzizkoagoa dela azpimarratu zuen. Horretarako, oso onuragarria da laguntza terapeutikoa.

Depresioa nola hauteman

Nahaste depresiboak sufrimendu eta tristezia handi baten seinale dira, denboran luzatzen diren sentimenduak. Horiek etsipena, ezkortasuna, suminkortasuna eta plazer eza dakarte; lehen atsegin zituen jarduerak orain ez ditu gozatzen. Aipatutako sintomen atzean, kulpa eta hutsaltasun sentimen indartsuak daude. 
 
Depresioak askotariko sintomak eragiten ditu, eta pertsonaren arabera desberdinak dira: nekea, kontzentratzeko zailtasuna, loaren eta elikaduraren asaldura eta bestelako ondorio fisikoak; esate baterako, zefalea iraunkorrak, tentsioak lepoan edota urduritasunak sortutako kolitisa. Seinale fisiko horiek direla eta, anbulatorioetan hautematen dira kasu gehienak. 
 
Iglesiasek azaldu zuenez, patologia horiek dituztenek isolatzeko joera dute askotan, eta gutxi batzuek menpekotasun handia dute; hau da, ingurukoen arreta behar dute momentu oro. Horrez gain, mugimendu mantsoak edota ezohiko aztoramena depresioaren adierazgarri izan daitezke.

Aurrera nola egin

Osasunaren Munduko Erakundeak emandako zifrak ez dira oso pozgarriak: depresioa munduko hirugarren ezgaitasun kausa da egun, eta 2020an bigarren postuan ezarriko dela diote. Hori dela eta, nahasmendua ekiditeko edo gainditzeko arretaz ibiltzea komeni da. Yolanda Iglesiasen hitzetan, “bereziki negatiboak diren pertsonek asko zaindu behar dute euren burua, gisa honetako patologiak garatzeko aukera gehiago baitituzte”.
 
Psikologoak autoestimua indartzeko eta gogo-aldartea hobetzeko aholkuak eman zituen: besteak beste, on egiten diguten jarduerak bilatzea, kirola egitea, elikadura zaintzea, harreman sozialak mantentzea eta etxean denbora gutxiago egotea. Halaber, oso garrantzitsua da ez dramatizatzea, ahal den neurrian, eta “norbere buruaz barre egiten ikastea”. “Ez dugu geure burua horren serio hartu behar; ez gara munduaren erdigunea eta guztia ez dago gure ardurapean”, gehitu zuen adituak.  
 
Kasu askotan funtsezkoa da laguntza profesionala, pazienteak “pentsamendu autosuntsitzaileak eteten eta bere sentimendu eta beharrak adierazten ikas dezan”. Errekuperaziorako beharrezkoak diren gaitasun sozialak garatzeko ere baliagarria izan daiteke laguntza terapeutikoa.

Zaintzaileentzako aholkuak

Buruko eritasun guztiekin gertatzen den moduan, kasu hauetan ere berebiziko garrantzia du ingurukoen babesak. Familiak eta lagunek depresioa duen pertsona ulertzeko esfortzua egin behar dute, hobera egiten laguntzeko. Pertsona horien ondoan egotea, baina, ez da erraza izaten, “euren ezkortasunak eta bizi-tonuak ingurukoak hondoratu egiten baititu askotan”, Yolanda Iglesiasek azaldu bezala.
 
Horrelako egoerei aurrea hartzeko, gertakizunen alderdi baikorrak nabarmentzen saiatzea eta nahastea duen pertsonaren eguneroko aurrerapauso txikiak aintzat hartzea gomendatu zuen Agifeseko psikologoak. Senide eta lagunek ere ohiko testuingurutik ateratzen lagun diezaiokete pertsonari, bizitasuna emango dioten ekintzak egitera gonbidatuz eta bultzatuz. Izan ere, “nahasmendua ez da pentsatuz gainditzen, baizik eta pausoak emanez”. Gainera, “depresioaz gutxi hitz egitea” eta pertsonaren beste alderdi batzuei espazioa uztea gomendatu zuen behin eta berriz; bestela, “arazoa handitu egiten baitugu”.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.