“Esku-hartze judizialak pazienteen oinarrizko eskubideak bermatzen ditu”

Aurora Elosegui epaileak hitzaldia eskaini zuen, martxoaren 27an Irunen, buru gaixotasun kasuetan egiten diren tratamendu judizializatuen berri emateko. Agifesek antolatutako hitzaldian, medikazioa hartu araztea eta derrigorrezko ospitaleratzeak izan zituen hizpide batik bat. 
 
Bere aburuz, epaileek buru osasun arloan esku hartzeak pazienteen funtsezko eskubideak bermatzea du helburu, baita eskubideak mugatzeko arrazoiak daudela egiaztatzea ere. Hala ere, azpimarratu zuen hori ez dela zigorra, “osasun arazoa baizik”. 
 
Epaileak aditzera eman zuenez, Espainiako ordenamendu juridiko guztiek jasotzen dute osasun arloko edozein esku-hartzek pazientearen aurretiko onespena behar duela, eta bere egoerari buruzko informazioa eman behar zaiola, baita alternatiba guztien eta ondorioen berri eman ere. Hala izanik ere, pazienteak bere egoera eta hartutako erabakien ondorioak ulertzeko gaitasuna behar du izan. Baina zenbaitetan, buru osasun arazoa daukaten paziente batzuek ez dute patologia onartu ere egiten, eta beraz ezin dute kontzientziaz erabaki.
 
Eloseguik azaldu zuen medikuak baloratu behar duela pazienteak tratamendua onartzeko gaitasuna duen ala ez. Adituaren iritziz, norbere buruari edo ingurukoei kalte egiteko arriskua dagoen kasuetan, edo pertsonaren autonomia narriatu daitekeen egoeretan, derrigorrezko ospitaleratzea beharrezkoa izan daiteke. Eta orduan epaileari dagokio prozesu hori baimentzea pazienteak nahi ez duenean edo baliozko onarpena emateko gaitasunik ez duenean.
 
Krisialdiak gertatzen direnean, berehalako ospitaleratzea hautatu daiteke, osasun arloko profesionalek edo segurtasun indarrek egokia deritzotenean. Gertakaria larria edo ezohikoa denean ulertzen da larrialdiko esku-hartzea dela, eta ez da epailearen aurretiko baimenik behar. Eloseguik aitortu zuenez, protokolo hori jarraitzen ez denean arazoak sortu ohi dira, ardura epaileari uzterakoan larrialdiko egoerek ez dutelako erantzun behar bezain azkarra jasotzen. Bere ustetan, larrialdiari lehentasuna ematea da aukera egokiena, eta krisiari aurre egiteko ospitaleratzea gauzatzea. Epailearen esku-hartzea ondoren egingo litzateke, larrialdi zerbitzuek hartutako erabakia baliozkotzeko.
 
Larrialdirik ez balego, Eloseguik azaldu zuenez, beharrezkoa da ospitaleratzea egin aurretik epaileak esku hartzea, betiere medikuaren txostenetik abiatuz. Zentzu horretan, nabarmendu zuen medikuak erabaki behar duela, beti, pazienteak ospitalean jarraitu behar duen ala ez. Bestalde, ospitaleratzea borondatezkoa edo programatua den kasuetan, epaileak ez du esku hartu behar, osasun arloko erabakia baita.
 
Senideek derrigorrezko ospitaleratzea eskatu nahi dutenean, epailearengana joateko behar duten dokumentazioa azaldu zuen hizlariak. Aipatu zuen komeni dela, posible den neurrian, pazientearen diagnostikoa eta historia klinikoa eskura izatea. 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.