“Familia askorentzat lagungarria izango litzateke Agifesen haur eta gazteentzako sail bat sortzea”

Maite Piñeiro haur eta gazteen psikiatra ospetsuak Agifeseko kideak animatu zituen, iragan martxoaren 31an Ibiltzen Benta Berrin eskainitako hitzaldi batean, elkartearen barne ume eta nerabeentzako atal bat sortzera, desoreka psikikoak dituzten gaztetxoen familiek nora jo izan dezaten. Duela ia hamarkada bat, zehazki, hainbat gurasok laguntza talde bat osatu zuten, Maite Piñeirok zuzenduta, eta zenbait hilabetez funtzionatu zuen.

Donibane-Lohitzuneko Zentro Psikopedagogikoko zuzendari medikua eta Societé de Psiquiatrie du Pays Basque-eko presidentea den adituak azpimarratu zuen Agifes bezalako elkarteak oso erabilgarriak direla kolektibo osoa bildu eta indarrak batzeko arreta soziosanitarioan hobekuntzak lortzearren. Era berean, Agifesek familien eta profesionalen artean betetzen duen lotura funtzioa nabarmendu zuen elkarte honekin askotan modu desinteresatuan kolaboratu duen profesional honek; eta gisa honetako elkarteen ekarpena baloratu zuen, behar duenari eskaintzen baitiote “onarpena, laguntza, informazioa, aholkularitza, proposamen terapeutikoak eta prebentzioa”, besteak beste.
Piñeirok aditzera eman zuen psikopatologiak dituzten haur eta nerabeen senideen elkarteak “gaixotasunen arabera bereizita” daudela: hiperaktibitatea, autismoa, nerbio-anorexia… “Entitate hauek beharrezkoak dira, baina patologia konkretuetan zentratuta daude”.

Bere aburuz, oso garrantzitsuak dira Agifes bezalako elkarteak, mota anitzeko eritasun psikikoak dituzten pertsonak biltzen dituztenez pertsonen osotasuna ikusteko gaitasun handiagoa dutelako, jendea sintoma konkretuen arabera sailkatu beharrean.

Sintomak bakarka tratatzeko joera
Zentzu horretan, Piñeirok komentatu zuen, egun, haur eta gazteen psikiatrian patologiak modu isolatuan tratatzeko joera dagoela; esaterako, dislexia, arreta gabeziaren nahasmendua edo hiperaktibitatea. Patologia horiek, psikiatraren ustez, “haurraren pertsonalitate globaletik oso urrun daude”. Sintomen araberako pertsonaren “zatiketa” hori eta sintoma horiek gaixotasunaren pareko ikusteak ez du laguntzen nahasmendu horien zergatia topatzen, argitu zuen adituak.

Adibide moduan, azaldu zuen Hendaian duen kontsultara “ikastearen nahasmendua” duten ikasle dezente gerturatzen direla, hiru hizkuntza asimilatzeko zailtasunak baitituzte (euskara, gaztelania eta frantsesa). “Hirueletasuna oso ona da ikasteko erraztasuna dutenentzat, baina beste kasu batzuetan kalterako da”. Horrela, ondorioztatu zuenez, “beharrezkoa da patologien jatorria aztertzea, hau da, haurra inguratzen duen testuinguru soziala, hezkuntza… bere beharretara egokitzen den edo ez ikustea”.

Psikopatologia infantilen jatorria
Piñeiroren kontsultara banandutako gurasoak dituzten haur asko ekartzen dituzte, gurasoen arteko harreman negatiboaren ondorioz sortutako patologia bat tarteko dela. “Kasu batzuetan ume horiek amaren eta aitaren arteko mezulari bilakatzen dira eta leialtasun gatazka sortzen zaie. Oso garrantzitsua da familia horiek laguntza eskaini diezaiekeen elkarteak aurkitzea”, baieztatu zuen.
Era berean, jaio aurreko eta ondorengo faseez mintzatu zuen. Bigarren garaian, adibidez, erdiondoko depresioa gerta liteke eta horrek “arriskuan jar lezake amaren eta jaioberriaren arteko lotura”. Fase horiek, adituaren hitzetan, “funtsezkoak dira txikitxoen hazkuntza psikoafektiboan”.

Edozein kasutan, azpimarratu zuenez, “kontuan hartu behar da haurrak eboluzionatzen ari direla, eta orain duten sintoma horrek ez duela zertan gaixotasun bilakatu etorkizunean”. Hala ere, nabarmendu zuen garrantzitsua dela desoreka psikiko horiek bere momentuan konpontzea.

Buru lanketaren boterea
Donibane-Lohitzuneko zentroan familiekin lan egiteko praktikan jartzen duten metodoetako bat azaldu zuen Piñeirok. Gurasoei laguntzen diete haurrekin dituzten gatazkak mentalki lantzen, horien kausak hobeto ulertu ahal izateko. Horrela, “aldaketa iraunkorrak egin ditzakete beren antolakuntza psikikoan” eta haurren nahasmenduei aurre egiteko jarrera egokiagoak garatzen ikas dezakete.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.