“Nahasmendu bipolarra edukitzeak pozten nau, neure burua ezagutzeko balio izan dit eta

Oso pozik nago, baita gaixotasuna izateaz ere, jende asko ezagutzeko balio izan baitit; neure burua ezagutzeko, hobeto ulertzeko, gehiago maitatzeko”. Mertxe Portas erizaintzako laguntzaile eta Agifeseko erabiltzaileak hitz horiekin laburbiltzen du 25 urtez nahasmendu bipolarrarekin bizitzeak ekarri dion irakaspena. Portas ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ kanpainako bederatzigarren bideoaren protagonista da Gorka Otxoarekin batera. Aktore donostiarra psikologian lizentziaduna da, gainera, eta duela urte batzuk praktikak egin zituen Agifesen zentro batean.

Ikus-entzunezko honen bitartez, Gipuzkoako elkarte honek buruko gaitza duten pertsonen gizarteratze eta laneratze aukeren ikuspegi itxaropentsua eskaini nahi du. “Kasu bakoitza ezberdina da, baina diagnostikoa garaiz egin eta tratamendu mediko eta psikoterapeutiko egokia jarraituz gero, pertsona asko bizitza normalizatua eramatera irits daitezke”, baieztatu dute Agifesetik.

Hamabost urterekin gaixotu zen Mertxe. “Haurtzaro gogorra pasa nuen, oso barnerakoia bainintzen, eta nerabezaroan guztiz kontrakoa bilakatu nintzen; jendeak drogatuta nengoela uste zuen”, aitortzen dio Otxoari Donostiako Alde Zaharreko taberna batean solasean ari direla. Nahasmendua agertu eta lehenengo urteak oso zailak izan ziren, berak ez baitzuen bere gaixotasuna onartzen, eta familiak ez zekien nola lagundu. Denboran aurrera, 18 urte zituenetik, babestutako lanpostu anitz eduki ditu, eta horiei esker “taldean lan egiten” ikasi du. Bikotekide batekin bizitako esperientziak ere, zenbait urtez ezkonduta egon baitzen, “emozioak kontrolatzen eta konpartitzen” irakatsi dio.

Egun, nahasmendu bipolarra duten pertsonentzako talde terapia batean parte hartzen du astero, Agifeseko psikologo baten gidaritzapean, eta Donostia Ospitalean lan egiten du. “Izugarri gustatzen zait pertsonekin lan egitea, bai lankideekin eta bai gaixoekin. Pazienteek bizitasuna ematen didate; lanera arazoren batekin joaten naizenean, han dena ahazten dut eta arreta osoa pazienteen zainketan jartzen dut”.

Agifesek beste bi bideo landuko ditu azaroan eta abenduan, beste pertsona batzuei hitza eman eta buruko gaixotasunaren beste alderdi batzuk landu ahal izateko. Horrela, kolektibo honen inguruan dauden aurreiritziak baztertu nahi ditu elkarteak. Orain arte bezala, pertsona ezagunek kolaboratuko dute ikus-entzunezkoetan.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.