Albisteak

2014/09/12

Agifesen 22. aldizkaria aurkezten dizuegu, ikasturte hasierako berritasunekin. Argitalpenean informazio anitz topatuko duzue, lasterketa solidarioari buruz, banakako eta taldeko laguntza zerbitzuei buruz, eta hurrengo hilabeteetako hitzaldi eta ikastaroei buruz. Bittori Bravo psikiatrari egindako elkarrizketaren berri ere izango duzue.  

Aldizkaria deskargatu.

2014/06/09

Errehabilitazio psikosozialeko elkarteen Espainiako federazioak (FEARP) Atochako Adierazpenarekin bat egin du, Espainiako Osasun Mentaleko sarean gertatzen ari den “narriadura eta atzerakada arriskuari” aurre egiteko. Maiatzean sortutako ekimen horren alde sinatzeko eskatzen dute FEARPetik, eta Agifesetik ere bat egin nahi izan dugu deialdiarekin. Change.org plataforman dago informazio osoa eta sinatzeko aukera.

2014/05/08

Karabeleko ekonekazaritza etxaldea jaio da Hernanin (Gipuzkoa), hiru helbururekin: nekazaritza ekologikoa zabaltzea, baratze-produktu barietateekin esperimentatzea eta buru gaixotasuna duten pertsonen eta beste kolektibo batzuen errehabilitazio psikosoziala lantzea. Blasenea mintegiak, Kimu Bat enpresak eta Agifes elkarteak sortu dute zentro esperimental hau, ekonekazaritzaren arloan aurrendaria dena, euren ezagutzak eta baliabideak batuz.

2014/03/19

Gizarte-estigmak buru gaixotasuna duten pertsonak isolamendura eta bakardadera bultzatzen ditu. Horrela dio Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioak gaur aurkeztu duen azterlanak. Proiektuan 200 pertsona inguruk parte hartu dute, bai gaixotasun mentala dutenak eta horien senideak eta bai sektore anitzetako eragile nagusienetako batzuk ere. Ikerlanaren helburua da pertsona horien gizarteratzea sustatzea eta komunitate-ingurunean parte hartze normalizatua izan dezaten laguntzea.

 
 
2014/03/10

Iñaki Subijanak, Gipuzkoako Auzitegiko presidenteak, Zigor Kodearen erreforma proiektuak berritasun “oso kritikagarriak” jasotzen dituela uste du. Bere aburuz, buru nahasmendua arriskugarritasunarekin lotzea “oker” dago; izan ere, ikerketa kriminologikoen arabera, patologia mentalak dituzten pertsonek ez dute indarkeriazko kriminalitaterako joera handiagorik.  

 
2014/02/17

Gipuzkoako Auzitegiko Iñaki Subijana presidenteak uste du arlo soziosanitarioaren eta juridikoaren arteko kolaborazio estua landu behar dela, esparru bien beharrei ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko. Otsailaren 12an Agifesen Ibiltzen Bentaberri zentroan eskainitako hitzaldi batean, Subijanak buru gaixotasuna duten pertsonen egozgarritasunari buruzko alderdi anitz aztertu zituen. Delituzko ekintza edo arau-haustea gauzatzerakoan buru gaixotasuna duten pertsonek eta euren senideek bizi duten egoera konplexua azaldu zuen adituak oso modu didaktikoan.

2013/12/04

Irakurgai duzue Ibiltzen aldizkariaren 19. alea. Bertan, azken hilabeteotan gauzatutako ekitaldien berri ematen dizuegu, bai eta datozen egitasmoei buruz informatu ere. 

Aldizkaria online irakurri

Aldizkaria deskargatu

2013/11/29
Agifeseko kideok urte luzez aldarrikatu dugu tratamendu psikiatriko egokia eman behar zaiela buru gaixotasuna duten eta kondenatuak dauden pertsonei. Duela gutxi jakin berri dugu aspaldiko eskaera horrek erantzuna izan duela. Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Osasun eta Kontsumo Zuzendaritzak, probintzia-auzitegiak eta Osakidetzak Lege Psikiatria Unitatea jarri dute martxan Arrasateko Aita Menni ospitalearen barruan. Proiektu horren helburua da buru gaixotasuna kronikoa daukaten eta prozesura judizial batean, batik bat penaletan, sartuta dauden pazienteei osasun arreta egokia eskaintzea.
2013/11/27

ASVAR Errehabilitazio Psikosozialeko Euskal Elkarteak jardunaldia egingo du azaroaren 12an Gasteizko Kongresuen eta Erakusketen Jauregian, Ostatua, errekuperaziorako faktorea (El alojamiento como factor de recuperación) lelopean. Topaketaren helburua da nahasmendu psikiatrikoak dituzten pertsonenei eskaintzen zaizkien ostatuei buruzko gogoeta eta prestakuntza foroa sortzea. Horrela, buru osasunaren arloko, gizarte zerbitzuetako eta ostatua ematen duten entitateetako hainbat ordezkari izango dira jardunaldian eta bi eztabaida mahaietan parte hartuko dute

Orriak