Afektibotasunari eta Buruko Osasunari buruzko mahai-inguru interesgarria eskaini zuen Agifesek

Agifesek mahai-inguru interesgarria eskaini zuen urriaren 10ean,Buruko Osasunaren Munduko Eguna zela eta. Ibiltzen Benta Berrin egindako topaketan, hainbat aditu eta buruko gaitza duen pertsona bat bildu ziren afektibotasunari eta buruko osasunari buruz hitz egiteko.

Agifeseko psikologoa den Yolanda Iglesiasek “gizakiaren potentziala garatzea” helburu duen psikologia positiboari buruz hitz egin zuen. Emozio eta jarrera positiboei (optimismoa, itxaropena, pertseberantzia…) atxikitzearen garrantzia nabarmendu zuen “buruko osasunari on” egiten baitiote. Era berean, familian buruko nahasmendua duen pertsona bat dagoenean sortzen diren afektibotasun arazoei aurre egiteko jarraibideak eskaini zituen. Gainera, emozio-egoeran gorabeherak -depresioaren eta euforiaren artean- dituzten senitartekoekin modu egokian erlazionatzeko gakoak azaldu zuen. Horrez gain azpimarratu zuen beharrezkoa dela zaintzaileek euren emozioak gaixoaren sentimenduetatik ezberdintzea. Horrela, senideek euren oreka hobeto mantentzen dute eta gaixo dagoen familiarrari zaintzeko egoera hobean daude.

Bestalde, Juan del Pozo psikologo kliniko eta psikoterapeutak buruko gaixotasuna duten pertsonek afektibitatean bizi dituzten desoreka eta zailtasunak aurkeztu zituen. Arazo horiek, askotan, senide eta gertukoentzat oztopo dira, ezin baitute ulertu zer sentitzen duen gaixo dagoen pertsonak. Gainera, gaixotasun mentala dutenek afektibotasunaren eraldatzea sufritzen dutela azaldu zuen. Kasu batzuetan, gaixoen umoreak ez du bat egiten adierazten dituzten ideiekin. Hau da, bizi izan duen tragedia bat konta dezakete ahoan irribarrea dutela. Halaber, esplikatu zuen zenbaitetan adimena eta lengoaia bat ez datozela, gaixotasuna duten pertsonek “ongi artikulatutako lengoaia” erabil dezakete, baina adierazten duten hori ondo islatzen ez duena. Horrenbestez, ingurukoek zailtasunak dituzte beraiei ulertzen. Bestalde, aipatu zuen pertsona bakoitza bere erara osatzen dela. Batzuetan, “modu arraroan” egin dezake, baina ingurukoek gaixoaren erritmoa eta estiloa errespetatzen saiatu behar dira. Zentzu horretan, gaineratu zuen terapeutaren lana dela, zehazki “pazienteari begirunez laguntzea, oreka bere bidea jarraituz berreskura dezan”.

Jaione Carton psikiatrak erantsi zuen pertsonen arteko harreman onek neuronen birsorkuntza bultzatzen dutela, eta negatiboek, aldiz, kontrako efektua daukatela. Buruko eritasuna duten pertsonen adierazkortasuna hobetzeko psikiatriaren arloan aurrera eramaten ari diren estrategiak aitatu zituen. Adibidez, kontsultan harreman pertsonalen esplorazioa erraztea eta pazienteekin mantendu ohi den komunikazio indartzea. Farmakoen eragina murrizteko ere ikertzen ari dira eta esku-hartze psikoterapeutiko eta psikosozialeko planak garatzen ari dira.

Azkenik, erizaintzako laguntzaile eta Agifeseko erabiltzaile Mertxe Portasek bere esperientzia lehenengo pertsonan kontatu zuen, nahasmendu bipolarra baitauka. Afektibotasunak kolektibo honentzat duen garrantzia bereziaz mintzatu zen, eta senideei beharrezkoa denean euren espazioa utzi behar dietela ohartarazi zien. Familian, bikotean, lagunekin eta lanean bizi dituen harremanez ere hitz egin zuen.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.