Agifesek 2016eko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Lehiaketa antolatu du

Agifesek 2016eko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Lehiaketa antolatu du, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. ‘Mintzatuz osatu’ kanpainaren baitan dagoen egitasmo honen xedea da buru gaixotasunaren tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea; 2016an argitaratu edo igorritakoak, hain zuzen. Gizarte-sentsibilizazioa helburu duten lanak bereziki baloratuko ditugu, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Agifesetik asko atsegingo genuke zuek lehiaketan parte hartzea. Ekimen honekin, komunikabideek estigmaren aurka eta buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzearen alde egiten duten lan garrantzitsu hori eskertu eta bultzatu nahi dugu.