Agifesek 25. urteurrena ospatuko du buruko gaixotasunen inguruko gizarte sentsibilizazio kanpaina batekin

Agifes elkarteak gaur aurkeztu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan, datozen 12 hilabeteetan zehar, bere 25. urteurrena dela eta, garatuko duen gizarte sentsibilizazio kanpaina.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak, Agifeseko presidente Vicente Aretarekin eta elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Rosalía Sánchezekin batera.

Vicente Aretak azaldu zuenez, “Agifes bezalako elkarteek urteak daramatzagu buruko eritasunak dituzten pertsonek dituzten oztopoak hausteko lanean. Horretarako Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) babesa dugu, beste entitate askoren artean. OMEren pertsona gaixoen zerrenda gero eta luzeagoa da. Zehazki, estimatzen dutenez, lau pertsonatik batek, hau da, munduko biztanleriaren %25ak, buruko gaixotasunen bat pairatuko du bere bizitzan zehar”.

Agifesen sentsibilizazio kanpainak ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ leloa izango du. Mezu horren ildotik, kanpainaren helburua da “osasun mentalaren inguruko mitoak desagerrarazteko bidean urratsak egitea. Horretarako, nabarmenduko dugu buruko gaixotasunak dituzten pertsonek beren arazoez jabetzeko gaitasuna dutela eta, terapia eta medikazio egokiaren bidez, beren egoera kontrola dezaketela eta bizimodu normalizatua eraman”, baietsi zuen Aretak.

Elkarteko presidenteak azaldu zuenez, kanpaina horrek ere “gizarteari gonbita egiten dio pertsona horiengana hurbiltzeko, horiek entzuteko, dagokien espazioa emateko, kontuan hartzeko eta, batez ere, merezi duten errespetua emateko”. “Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak beste mundu batekoak ez direla erakutsi nahi dugu, baizik eta besteok ditugun ardura eta erronka antzekoak dituztela”, erantsi zuen.

Horrekin lotuta, datorren urteko hilabete bakoitzean, buruko gaixotasunen inguruko estigma edo alderdi baten inguruan jardungo du Agifesen kanpainak. Horren xedea da lan eta gizarte arloetako mitoak eta familiartekoak apurtzea. Modu berean, “gaixotasun desberdinei buruzko informazio gehiago eskainiko dugu; hala nola nahasmendu bipolarra, eskizofrenia eta nahasmendu obsesibo konpultsiboa”.

Hala, gizartearen parte-hartzea bultzatzeko lehiaketak, dokumentalen proiekzioak eta hitzaldiak, besteak beste, egingo dituzte. Modu berean, hilabetero pertsona ospetsu baten eta buruko gaixotasuna duen pertsona baten arteko elkarrizketa jasotzen duen bideo bat grabatuko da. Bestalde, Agifeseko erabiltzaileek parte hartzen duten “terapia tailerren onurak” nabarmentzeko asmoz, dokumental bat prestatuko da.

Agifeseko zuzendaritzako kide Rosalía Sánchezek, berriz, buruko gaixotasuna duen pertsona baten amaren ikuspuntua eskaini zuen, eta laguntza eta informazio bila joateko elkarte bat egotearen garrantzia nabarmendu zuen. “Nire semearen arazoaz ohartu ginenean Agifesera jo genuen. Orduan, lehengo aldiz sentitu genuen norbaitek entzun eta ulertzen gintuela, gure kezkak azaltzeko aukera izan genuen, gaixotasunari buruz gehiago ikasi genuen, gaixotasun berak sintoma desberdinak eduki ditzakeelako. Gaixotasunarekin elkarbizitzen ikasi genuen. Era berean, zaintzailea zaintzea funtsezkoa zela ohartu ginen; zu ondo ez bazaude, ezin duzu eria behar bezala zaindu”, gogorarazi zuen.

Rosalía Sánchez Agifeseko aspaldiko kidea da eta urteak daramatza buru belarri elkartearen alde lanean. “25 urteotan aurrerapauso handiak eman ditugu, erakundeen eta entitate pribatuen laguntzari esker zerbitzu ugari garatu ditugulako. Gainera, gizarteak buruko gaixotasunen inguruan duen ikuspegia hobetu da. Hala ere, Agifes oraindik beharrezkoa da, bide berriak zabaltzeko, gizartearen kontzientzia izateko eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta horien senitartekoen beharrak gogorarazteko”, ohartarazi zuen. Azkenik, Rosalía Sánchezek dei egin zuen buruko eritasunak dituzten pertsonek eta senitartekoek “beren gaixotasuna duintasunez bizi dezaten”, eta beren senide batek buruko arazoren bat izan dezakeen susmoa duten pertsonei gonbita egin zien “Agifesera joan daitezen”.

Diputazioaren konpromisoa
Foru diputatuak aditzera eman zuenez, “gaixotasun mental kronikoak dituzten pertsonak gizarteratzea ezinezkoa litzateke horretarako behar diren elkarte eta baliabide egokiak ez baditugu”. Horregatik, azpimarratu zuen beharrezkoa dela komunitate zerbitzuen sistema bat artikulatzea, pertsona hauen “ostatu eta egoitza beharrentzako erantzun egokia” antolatu ahal izateko.

Etxanizek nabarmendu zuen Gizarte Politiken departamenduak “konpromiso eta apustu irmoa” egingo duela “osasun mentalaren arloko baliabideen sarea ahal den neurrian hobetzeko. Beti ere sektoreko elkarteen eskutik eta horiekin elkarlanean”. Aipatu zuen, gainera, Diputazioak egun Agifesekin duen hitzarmenaren arabera “50 plaza dituela elkarteak, berak kudeatzen dituen etxebizitzetan banatuta, eta 82 bere eguneko zentroetan”.

“Diputaziotik babesten dugu Agifesek planteatzen duen egoitza eredu etengabea eta neurrikoa. Hori ospitale eta komunitate arloen arteko erdibideko baliabideak artikulatzean oinarritzen da eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonen behar anitzei erantzuna eskaintzen die. Euren kabuz aurrera egiteko prestatzen ditu progresiboki, horrela guztiz gizarteratu ahal izan daitezen”.

Aldundiko arduradunak gogorarazi zuen, halaber, Gipuzkoak arreta soziosanitarioko 305 plaza dituela egun. Lurraldeak dituen azpiegituren artean, Agifesen ardurapean daude zortzi zaintzapeko etxebizitza, gainbegiratze maila ezberdinak dituztenak, eta errehabilitazio psikosozialeko hiru zentro.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.