Agifesek buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea sustatzeko neurriak eskatu ditu

Agifesek buruko nahasmendua duten pertsonak laneratzea sustatzeko neurriak aldarrikatu zituen atzo Buru Osasunaren Nazioarteko Egunerako antolatutako ekitaldian. Gipuzkoar elkarteko hainbat ordezkarik Fedeafesek Eusko Legebiltzarrean antolatutako ekitaldi instituzionalean ere parte hartu zuten kolektibo honen “lan-aukerak handitzeko beharra” aldarrikatzekoIzan ere, buru gaixotasuna duten pertsonek oso lan-egoera zaila dute. Kolektiboaren laneratze zifrak bigarren baxuenak dira desgaitasunen artean: %15,9k soilik du lana eta %5k bakarrik du lan egonkorra. Estatuko osasun mentaleko elkarteak biltzen dituen Salud Mental España konfederazioaren datuen arabera, desgaitasuna ez duten pertsonekin alderatuz, %15 eta %20 gutxiago jasotzen dute egindako lanarengatik, eta horrek eragina negatiboa du euren autonomian eta ongizatean.

Urriaren 10eko ospakizunerako aukeratutako leloaren harira, ‘Mozorrorik gabe lan egin. Lana oztoporik gabe eman’, Osasun Mentalaren Nazioarteko Federazioak gogorarazi du buru osasunak ekonomian duen inpaktua izugarri handia dela. Europan, buruko osasun arazoek 240 bilioi euroko gastua eragiten dute urtero, eta horietako 136 bilioi produktibitate murriztuak eta absentismoak sortutako gastua dira. Bestalde, enpleguak langileen ongizatearengan duen eragin negatiboa ere oso deigarria da. Espainian, buru nahasmenduen %11 eta %27 bitartean lanarekin lotuta daudela esan liteke. 
 
Mikel Erentxun abeslariak hitza hartu zuen atzo goizean Donostiako Bulebarrean egindako ekitaldian, erakundeek kolektiboaren bizi-kalitatea eta gizarteratzea sustatzeko neurriak indartu ditzaten aldarrikatzeko: egoitza-baliabideak, autonomia bultzatzeko zerbitzuak, aisialdi programak eta laneratzea suspertzeko ekimenak. Era berean, artista donostiarrak gogorarazi zuen beharrezkoa dela osasun mentalera bideratutako baliabide sanitarioak areagotzea, baita osasun-arreta egokitzea "psikoterapiarekin, etxez etxeko atentzioarekin eta eredu komunitarioa zabaltzen lagunduko duten baliabideekin". 
 
Osasun mentaleko arloan diharduten hainbat zentro eta entitate elkartu zituen topaketan senideak ere aintzat hartu ziren. Euskal elkarte-mugimenduak eskatu zuen familiartekoen "zainketa-lanak euren bizitza pertsonalarekin uztartzen lagunduko duten programak eta zerbitzuak sendotzea, familien etsipena ekiditeko". 
 
Bestalde, Agifesek mahai gainean jarri zuen euskal federazioaren (Fedeafes) aldarrikapen nagusietarikoa: erakunde, departamentu eta eragile guztiak batuko dituen mahai transbertsala osatzea, hezkuntza, enplegua, osasuna, gizarte-zerbitzuak, generoa, kirola eta aisialdia kontuan hartuz. Mahaiaren helburua izango da "buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta estigmari aurre egiteko estrategiak jorratzea". 
 
Jardunaldiari Agifeseko erabiltzaile baten hitzek eman zioten amaiera. Estatuko konfederazioko 'En primera persona' buru osasunaren aldeko batzordeak idatzitako adierazpena irakurri zuen Yolanda Barreirok. Era berean, Bulebarrera gerturatu ziren bisitariak festa giroan murgildu ziren, musikaz gozatzeko eta Why not? Fundazioak antolaturiko antzerki tailerrean parte hartzeko aukera izan baitzuten. Halaber, Agifesen zerbitzuak ezagutzeko informazio-postua ere egon zen. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolaturiko ekintzen artean ere, depresioari buruzko hitzaldia eskainiko du Gipuzkoako elkarteak urriaren 18an Hondarribian.