Agifesek buru osasunari buruzko bosgarren argazki lehiaketa antolatu du

 
Agifesek ‘Buru Osasuna Fokatu’ V. Argazki Lehiaketa’ antolatu du, buru osasunaren eta gaixotasun mentala duten pertsonen eta hauen senideen ikuspegi baikor eta berriak sustatzeko helburuarekin. Gure gizartean buruko osasun arazoen inguruan dagoen tabua apurtzea eta osasun mentalaz mintzatzeko beharra azpimarratzea dira argazki lehiaketa barne hartzen duen ‘Mintzatuz osatu’ sentsibilizazio kanpainaren oinarriak.
 
Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek datorren abuztuaren 19ra arte bidal ditzakete euren lanak datu pertsonalekin batera info@agifes.org helbide elektronikora (izena, abizenak, NAN zenbakia, emaila eta telefonoa). Agifesen sentsibilizazio batzordeak argazki onenen aukeraketa egingo du eta Facebookeko orrian argitaratuko ditu, aplikazio baten bitartez, sare sozial horren erabiltzaileek euren argazki gogokoenari botoa emateko aukera izan dezaten. Sentsibilizazio batzorde bera arduratuko da boto gehien jaso dituzten hamar lanen artetik hiru irabazleak aukeratzeaz. Guztira, hiru sari banatuko dira: lehenengoak 400 euro jasoko ditu; bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100. Horrez gain, hiru irabazleei diploma bana emango zaie.
 
Lehiaketaren oinarriak kanpainaren webgunean aurki daitezke.