Agifesek depresioa duen jendeari “bere harremanik zailena konpontzen” lagundu nahi dio

Agifesek kanpaina berria jarri du martxan depresioari aurre egiteko helburuarekin; izan ere, gero eta gehiago zabaltzen ari da nahasmendu hori eta Estatuan jada bi milioitik gora pertsonak jasaten dute. Errealitate horren inguruan informatu eta sentsibilizatu nahi du Agifesek, estigma handia duelako depresioak, eta, horren ondorioz, arazoa aitortzeko eta tratamendua jasotzeko oztopoak agertzen baitira. Zentzu horretan, depresioa duten pertsonak ahalduntzeko eta laguntza profesionala bila dezaten errazteko xedea ere badu ekimenak. 

Zure harremanik zailena” lelopean, Agifesen kanpainak depresioa duen pertsonak bere nahasmenduarekin duen harreman konplexua deskribatzen du eta, horretarako, harreman afektibo gatazkatsuaren metafora baliatzen du. Sare sozialetan eta Youtuben zabalduko diren bi bideorekin abiatu da egitasmoa, baita Gipuzkoako hainbat udalerritan itsatsi diren kartelekin eta argazki zein ilustrazio lehiaketekin ere. Era berean, datozen hilabeteetan kontzientziazio lan handia egingo da sare sozialen bitartez, depresioaren eraginaren berri emateko, eta Gipuzkoan zehar hitzaldiak eskainiko dira.
 
Ekitaldi anitz ere burutuko dira kanpainaren barne; hala nola udazkenean Donostian egingo diren depresioari buruzko jardunaldiak eta datozen hilabeteetan iragarriko diren beste zenbait ekimen. 
 
Depresioarekin erlazionaturiko zifra kezkagarriek eman diote bide kanpaina honi. Izan ere, 322 milioi lagunek dute nahasmendu hau (munduko biztanleriaren %4,4) eta depresioa dutenen kopuruak gora egin du %18,4n 2005etik 2015era bitartean. Buru osasun arazo hau lehen desgaitasun kausa da nazioartean eta 788.000 pertsona inguruk egiten dute euren buruaz beste urtero depresioaren ondorioz. 
 
Estatuan, biztanleen %6,7k du depresioa, eta datu horrek Espainia laugarren kokatzen du Europan nahasmendu honen kasu kopuruari dagokionez. Gainera, estatistiken arabera, depresioa duten emakumezkoen kopuruak (%9,2) gizonezkoena (%4) bikoizten du. Bestalde, gazteen artean larriagotzen ari den arazoa ere bada, lehen gaixotasun eta desgaitasun kausa baita nerabeetan. 2018ko Euskadiko Osasun Inkestak dioenez, gizonezkoen %9k eta emakumezkoen %17k dituzte antsietate eta depresio sintomak. 
 
Agifes, irabazi-asmorik gabeko entitatea, 1985. urtean sortu zen buru osasun arazoa duten pertsonei eta senideei laguntzeko, buru nahasmenduen ezagutza zabaltzeko eta estigma gainditzearren lan egiteko. 
 
Egun, 900 bazkide baino gehiago ditu, baina askoz jende gehiagori eskaintzen dio arreta honako baliabideen bitartez: harrera eta orientazio zerbitzua; senide, zaintzaile eta buru osasun arazoa duten pertsonentzako banakako laguntza-saioak; laguntza-taldeak; elkarrekiko laguntza-programa; komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza psikosozialeko programa; errehabilitazio psikosozialerako zentroak; tutoretzapeko etxebizitzak; aisialdia eta denbora librea; aholkularitza juridikoa; eta Karabeleko etxalde agroekologikoa, besteak beste