Agifesek depresioarekin lotutako kontakizun lehiaketa jarri du martxan

 

  • Agifesen Kontakizun Laburren VIII. Lehiaketak depresioa du ardatz eta nahasmendua pairatzen dutenen sufrimendu psikikoa azaleratzea eta adieraztea du helburu
  • Lehiaketa hau ‘Zure harremanik zailena’ sentsibilizazio kanpainaren baitan dago; egitasmoak depresioari buruz informatzea eta sentsibilizatzea du xede, nazioartean 322 milioi pertsonek eta Estatuko biztanleen %6,7k sufritzen duten buru nahasmendua

Agifesek, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, Kontakizun Laburren VIII. Lehiaketa abiarazi du. Aurtengo edizioan, depresioa izango da aurkeztu beharreko idazlanen gai nagusia, nazioartean 322 milioi pertsonek eta Estatuko biztanleen %6,7k sufritzen duten buru nahasmendua.

Ekimen honen helburua da depresioa pairatzen dutenen sufrimendu psikikoa azaleratzea eta adieraztea, baita buruko osasun arazo horren inguruko imajinario kolektiboa zabaltzea ere. Izan ere, tristurarekin eta gogo faltarekin lotzen dute askok depresioa, arazoa hori baino askoz konplexuagoa eta sakonagoa denean.

‘Zure harremanik zailena’ lelopean, Agifesen kanpainak depresioa duen pertsonak bere nahasmenduarekin duen harreman konplexua deskribatzen du eta, horretarako, harreman afektibo gatazkatsuaren metafora baliatzen du. Gizarte sentsibilizazioaz gain, ekimenak depresioa duen pertsona laguntza eskatzera animatzea du helburu, baita laguntza hori elkartean bertan eskaini ere.

Estatuko biztanleei zuzendutako lehiaketa da. Interesa duten guztiek euren kontakizunak info@agifes.org helbidera bidali ditzakete abenduaren 29ra arte, eta elkarteko sentsibilizazio batzordea arduratuko da hiru lan onenak aukeratzeaz. Irabazleak 400 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100. Hiruek diploma bana ere jasoko dute.

Gainera, Agifesek euskal hizkuntzan idatzitako kontakizunak sustatzeko Euskarazko Kontakizun Onenari sari berezia emango dio: 100 euro eta diploma. Sari hori hiru finalisten artean euskarazko lanik ez baldin badago bakarrik emango da.

Informazio gehiagorako, lehiaketaren oinarriak Agifeseko webgunean daude eskuragarri.

KAZETARITZA LEHIAKETA

Agifesek 2019ko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Lehiaketa antolatu du, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. Egitasmo honen xedea da buru gaixotasunaren tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea; 2019an argitaratu edo igorritakoak, hain zuzen. Gizarte-sentsibilizazioa helburu duten lanak bereziki baloratuko ditugu, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.

Agifesetik asko atsegingo genuke zuek lehiaketan parte hartzea. Ekimen honekin, komunikabideek estigmaren aurka eta buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzearen alde egiten duten lan garrantzitsu hori eskertu eta bultzatu nahi dugu.

Oinarriak kontsultatu