Agifesek Osasun Mentaleko Profesionalen IX. Topaketan parte hartu zuen

Gure elkarteak parte hartu zuen iragan ekainaren 10ean Miramon Teknologia Parkean egin zen Osasun Mentaleko Profesionalen IX. Topaketan. Agifeseko hainbat kidek osatutako talde bat izan zen bertan eta, gainera, jardunaldian proiektatu ziren bideoetan zenbait familiarrek beren esperientziak azaldu zituzten.

Gipuzkoako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko zuzendari Alvaro Iruinek eman zion hasiera ekitaldiari aurreko zortzi topaketen historia errepasatuz, eta azken urteetan izandako parte hartzearen hazkundea azpimarratu zuen. Gogora ekarri zuen nola egun Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburu den Rafael Bengoak kronikotasunaren gaia landu zuen 2008an, ostera ikerketa eta eztabaidagaia izan zena. Pertsonak duen hobetzeko grinaren eredutzat, garun-perlesia duen bere semearekin batera mundua korrika gurutzatzen duen 60 urteko Dick Hoyt-en hainbat irudi proiektatu ziren.

Lehen parte hartze honen ostean bi bideo ikusi ahal izan ziren. Horietako batean Agifeseko bi familiar izan ziren protagonistak, eta buru eritasuna duten pertsonen familiek egoera nola bizi duten azaldu zuten, bizikidetzan dituen ondorioak, azaltzen diren beldurrak, lotsak eta shock egoerak, etab. deskribatuz. Bi hizlariek bertaratuen txaloak jaso zituzten eta gertuko pertsonaren gaixotasunari aurre egiten laguntzen duen elkarte bat ondoan izateak duen garrantzia azpimarratu zuten. Bideoan komentatzen zen familientzat laguntza planak eta taldeak sortzeko dagoen beharra eta baita Osasunerako Mundu Erakundea (OME) osasunaren politikak planifikatzeko senideek osatuta dituzten elkarteak kontuan izateko egindako gomendioa ere.

Galderak eta komentarioak egiteko eman zen tartean hainbat pertsonek gaixotasun mentala inguratzen duen estigmaren kontra borrokatzeko dagoen beharra aipatu zuten, eta etorkizuneko erronka nagusitzat azaldu zuten pertsonaren alderdi guztiak kontuan izango dituen arreta plan integral bat martxan ipintzea. Edozein kasutan, beharrezkoak dira errehabilitazio psikosozialeko eta gizarte euskarri zentroak, etxebizitza egiturak, laguntza psikologikoa eta banakako nahiz taldeko terapiak bezalako baliabideak.

Bigarren bideoan Errenteriako eguneko zentroan biltzen den eta buru eritasunen bat duen pertsona talde baten errealitatea aztertu zen. Beren hitz adierazgarri eta hunkigarriek bakoitzak bizi dituen egoerak irudikatu zituzten: drogak, paranoiak, beren buruaz beste egiteko ideiak… “Nire gaztaroa beldurgarria eta lazgarria izan zen”, adierazi zuen batek. Txalo zaparrada jaso zuen tertulia horretako partaideek azpimarratu zuen gaixotasuna pairatzen duten pertsonak beren bakardadetik irten behar direla eta laguntza bilatzea dela beren egoera hobetzeko aukera bakarra.

Deustuko Unibertsitateko Gizarte Lane eta Soziologia saileko zuzendari Emma Sobremonte de Mendicuti izan zen hirugarren partehartzailea. “Osasun mentalaren atentzio soziosanitarioaren Etorkizuna: pertsonan zentratutako ikuspuntu baten aldeko apustua” izenburuko hitzaldian defendatu zuen beharrezkoa dela “pertsona kontuan izanik” eta buru eritasunak bizitzaren arlo guztietan duen eragina aztertuz planifikatzea.

Era berean, egungo egitura soziosanitarioak dituen arazoak azaldu zituen eta bikoiztasunak eta gehiegizko burokrazia ekiditeko espezialista taldeak eratzearen aldeko apustua egin zuen. “Behar sozialak erantzun egin behar dira eta horren arabera ibilbideak disenatu eta prozesu soziosanitarioak markatzen ditugu”, azaldu zuen.

Konkretuki, osasun sistemak arreta integrala eskainiko duen barne koordinazio propioa izatea aholkatu zuen eta, paraleloki, gizarte zerbitzuek ere beren koordinazioa izan dezatela eskatu zuen, lehen eta bigarren mailako atentzio integralarekin. Eremu hauek hobeto konektatzeko beharra aipatzeaz gain, Sobremontek azaldu zuen osasun mentalarekin erlazio zuzena duten beste bi sistemak, Justizia eta Osasuna, barneratzeko beharra dagoela.

Atsedenaldiaren ostean, bost hitzaldiren bitartez Euskadin osasun mentalari ematen zaion atentzioaren egoera aztertu zuten bertaratuek, hainbat ikuspunturi erreparatuz, egiten diren esfortzuak errepasatuz eta datozen urteetarako dauden erronkak azalduz.

EAE-ko koordinatzaile soziosanitario eta Gipuzkoako lurraldeko osasun arloko zuzendari Elena Elosegui izan zen hitz egiten lehena. Osasun mentalaren inguruko ohiko arazo kronikoen aurkezpen txiki baten ostean azaldu zuen departamentuak gisa honetako gaixotasunen kronikotasunari aurre egiteko duen estrategian oinarrizkoa dela arreta pertsonarengan eta bere inguruan zentratzea. Era berean, aditzera eman zuen estrategiak apustu egiten duela ikuspuntu integralaren, laguntzaren jarraitasunaren, diziplinen arteko atentzioaren eta parte hartze aktiboaren alde. Txosten Soziosanitarioan plazaratutako ondorioez ere mintzatu zen Elosegui. Dokumentuak azpimarratzen du beharrezkoa dela atentzio komunitarioa indartzea, bitarteko gehiago eskainiz, Osasun Mentalaren sarearekin egiten den lanean koordinazioa hobetuz, pertsona gazteen artean buru eritasuna lehenbailehen gelditzeko dauden erak aldatuz eta estigmaren kontrako lanarekin jarraituz.

Aurkezpenean ezagutzera eman ziren, baita ere, atentzio soziosanitarioaren arloan dauden helburu estrategikoak. Nabarmentzekoak dira, beste askoren artean, buru eritasunez ohartarazteko ekintzak indartzea; etxebizitza alternatiboek, pisuek eta erresidentzia txikiek osatutako sare soziosanitarioa eratzea eta komunikabideetan errespetuzko kultura bultzatzea.

Jarraian, Lourdes Viguerak Gureak taldeak gaixotasun mentala duten pertsonen enplegua kudeatzen duen esperientzia eman zuen ezagutzera. Beren programari esker, ezgaitasunen bat duten 3.500 pertsona laneratzea lortu zuten 2009an. Eredu horrek arazoak dituzten pertsonei beren behar eta interes profesionaletara egokitzen diren zenbait lan-jarduera eskaintzen dizkie, eta oinarritzat hartzen du kide bakoitzaren ezaugarri eta nahien arabera lan-ibilbide konkretu eta pertsonalizatua diseinatzea. Viguerak gogoratu zuen ekimenak arrakasta badu ere beharrezkoa dela, beste hainbat neurriren artean, buru eritasunen bat dutenak autonomoak izateko laguntza behar duten pertsonak direla konturatu eta ezagutza hori indartzea, motibazio estrategiak bultzatzea eta gaixotasun mentala duten pertsonen ebaluazioarekin eta promozioarekin lotutako prozesuak hobetzea.

Haurren babesa eta haur eta gazteen osasun mentala izan zen Jose Mari Lezama Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeserako harrera ataleko buruak landutako gaia. Haurrak babesik gabe aurki daitezkeen egoerak, gurasoetako baten buru eritasuna dela eta, adibidez, detektatu eta baloratzeko dagoen kolaborazio beharra ezagutarazi zuen Lezamak. Datuen arabera, 2009an horrelako kasuren baten 253 jakinarazpen izan ziren eta 365 adin txikikok interbentzio programaren bat jarraitu zuten beren etxeetan. Arlo honetan atentzioa behar duten helburuko publiko bezala identifikatu zituen Lezamak ezegonkortasun egoeran bizi diren familia atzerritarrak, indarkeria pairatzen duten emakumeen seme-alabak eta adopzio prozesuak jarraitu dituzten familiak.

Jardunaldiaren bigarren ataleko laugarren partaideak Ahalbide Programa aurkeztu zuen, Oiartzunen buru eritasuna duten biztanleen egoera hobetzeko eta gizarteratzea bultzatzeko sortutako proiektua. Oarsoaldea Eskualdearen Garapenerako Agentziako enplegu zuzendari Ana Alcelay Belaustegik eta Oiartzungo udaleko Gizarte Zerbitzuen Saileko arduradun Myriam Goikoetxea Zapiainek aurkeztu zituzten proiektuaren helburuak nahiz parte hartu duten pertsonen profilak. Programan parte hartzeko hautagaien azterketa sakona egin zuten Osasun Mentaleko Beraungo zentroak, Oarsoaldea garapen agentziak eta Oiartzungo gizarte zerbitzuek eta, azkenean, bataz beste 45 urte inguruko zortzi gizonek parte hartu dute Ahalbiden. Taldeak mantentze-lanak egin ditu herrian, hala nola lorezaintza, margolana, garbiketa, etab. Era berean, Errenteriako San José Obrero parrokiak antolatutako arropa bilketan parte hartu, egurra tailatzen ikasi eta sukaldaritza klaseak jaso dituzte. Ekintza horien helburua da buru eritasuna duten pertsonen lan gaitasuna garatzea eta berau gizarteratzean lagunduko dien erreminta izatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren Arreta Departamentuko buru Arritxu Manterolak itxi zuen jardunaldia, eta Gipuzkoan gaixotasun mentala duten pertsonen beharrei erantzuteko behar diren gizarte errekurtsoen eta baliabide soziosanitarioen inguruko analisia egin zuen. Manterolak buru eritasunaren inguruko datuak eta espazio soziosanitarioaren egoera errepasatu zituen eta martxan dauden atentzio eredu eta mailak eta erabiltzen diren baliabideen (errehabilitazio psikosozialeko zentroak eta babeseko pisuak, adibidez) ezaugarriak azaldu zituen. Jardunaldiaren azken ekarpen bezala, Gaixotasun Mentalaren Arretarako Plan Integral bat eratzeko dagoen beharra azpimarratu zuen eta etorkizunerako erronkatzat identifikatu zituen etxebizitza errekurtso berriak bultzatzea, esku-hartze komunitarioa eta ezgaitasuna eta jokabidearen nahasmenduak dituzten pertsonei zuzendutako esku-hartze espezializaturako plaza soziosanitarioak diseinatzea.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.