Agifesek pandemiaren eta gizarte-isolamenduaren ondorioz sor daitezkeen buru osasuneko arazoez ohartarazi du

Agifesek pandemiaren eta gizarte isolamenduaren ondorioz sor daitezkeen buru osasuneko arazoez ohartarazi du. Gipuzkoako entitatearen ustez, funtsezkoa da egungo egoeraren ondorio psikologikoei aurre egitea, neurri higieniko-sanitarioek eta sozialek zein ziurgabetasun ekonomikoak eragin nabarmena baitute pertsonengan. Faktore horiek, hain zuzen, antsietate eta depresio sintomak eragin ditzakete. 
 
Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak bat egin du Fedeafesek abian jarritako kanpainarekin: ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu'. Egitasmoaren xedea, ondoez psikikoa pairatzen ari diren pertsonen isolamendua haustea da. Izan ere, egungo egoeraren zifrarik ez dugun arren, azken urteetako datuak nahiko kezkagarriak dira: Osakidetzaren arabera, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edota depresio sintomak dituzte.
 
Gainera, OMEk jakinarazi du lau pertsonatik batek buru osasuneko arazoa izango duela bizitzan zehar, eta aurreikuspenen arabera, 2030 urterako mota horretako patologiak izango dira ezgaitasun arrazoi nagusietarikoa munduan.
 
Hain zuzen ere, Hurbilduz programaren bidez, isolatuta edo ia gizarte-sarerik gabe dauden pertsonei –depresioa edo buru osasuneko beste arazo batzuk dituztenei– laguntza ematen ari da Agifes. Programa hau 2019. urtearen amaieran jarri zen martxan, eta zerbitzu horiek behar dituzten pertsonak identifikatzea du helburu. Horretarako, hainbat gizarte-eragileren laguntza du Agifesek, hala nola lehen mailako arretako medikuena, larrialdietako teknikariena eta erizainena, baita babesa behar duen pertsonaren inguruko pertsonena ere. Era berean, laguntza behar duen edonor jar daiteke zuzenean Agifesekin harremanetan, 943 47 43 37 telefonora deituz.
 
Gainera, elkarteak laguntza eskaintzen die buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senide eta zaintzaileei, harrera programaren eta banakako zein taldeko laguntza psikologikoko programen bidez. Gaur egun, 12 senide-talde kudeatzen ditu Agifesek Donostian, Zarautzen, Azpeitian, Eibarren eta Bergaran.

 

‘Buru osasuna eta ongizatea, lehentasun globala’

Agifesek bat egin du, halaber, Estatuko buru osasuneko konfederazioak antolatutako kanpainarekin, ‘Buru osasuna eta ongizatea, lehentasun globala’ goiburupean. Espainiako elkarte-mugimenduak buru osasunean inbertitzeko premia helarazi nahi die erakunde publikoei, baita herritarren beharrei erantzuteko baliabide eta profesional kopuru nahikoa aldarrikatu ere. Garrantzitsua da gogora ekartzea Estatuan desabantaila-egoera dagoela buru osasuneko baliabideei dagokienez; izan ere, Psikologia Klinikoko profesionalen ratioa (6) Europako batez bestekoa (18) baino hiru aldiz txikiagoa da 100.000 biztanleko. COVID-19aren krisiarekin eta hartu behar izan diren konfinamendu-neurriekin, gainera, biztanleriaren zati baten buru osasunak okerrera egin du.
 
Elkarteek eskura dituzten baliabideak jarri dituzte biztanleriaren zerbitzura eta lanean jarraitzen dute pandemiak buru osasunean dituen ondorioak gutxitzeko. Dolu-egoerak, suizidio-saiakerak, kalera irteteko beldurra, antsietatea, depresioa, zaurgarritasun-sentsazioa, bakarrik bizi direnen bakardadea, osasun-profesionalek bizi izan duten egoera berezia, etab.