Agifesek ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios’ antzezlanaren proiekzioa eta solasaldia antolatu du Donostian

Agifesek Buru Osasunaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egingo du ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios’ antzezlanaren proiekzioarekin eta solasaldiarekin. Ekitaldia datorren astelehenean burutuko da, urriaren 14an, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian, 18:30ean, eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. 
 
Ados Teatroa eta Acronica Producciones konpainiek ekoiztutako obra Giza Eskubideak Eszenara programaren baitan sartzen da. Arte eszenikoak gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen ditu programak, eta kasu honetan, buru osasun arazoek duten estigmaren inguruan hausnarketa egitea da obraren helburuetako bat. Buru nahasmendua duten pertsonekin batera sortutako lana da, diagnostikoa duten pertsonek aktore lanak egiten baitituzte bi aktore profesionalekin, eta musikari, psikiatra eta psikiatrian espezializatutako erizain batekin. 
 
Proiekzioaren aurretik, aurkezpen txiki bat eskainiko zaio publikoari. Ados Teatroa konpainiako produktore eragile Jose Antonio Vitoriak, Acronica Producciones konpainiako gidoigile Mikel Bernuesek eta sufrimendu psikikoa duten aktore Sandro Iabonik eta Manuel Vazquezek aurkeztuko dute obra. Ikuskizunaren ondoren, solasaldia egongo da lantaldearekin antzezlanaren nondik norakoak aztertzeko.