Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo berria eskainiko du Donostian

 

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, Agifesek, Zinema eta Buru Osasuna zineforuma eskainiko du laugarren urtez jarraian Donostian. Azaroko astelehenero izango da, 19:30ean SADE taldeko Príncipe zinemetan. 

Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada saio bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek eta Bergarak. 'Berdingabea zara' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. 
 
Proiekzioak, eta horien ondoren egingo diren solasaldiak, azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira. Sarrera doan da eta gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. Ikusleak, pelikularen ondoren burutuko den solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.
 
Azaroaren 5ean emango zaio hasiera zikloari, lau Oscar irabazi zituen 'Una mente maravillosa' film biografikoarekin. 1994an Ekonomiako Nobel Saria eskuratu zuen John Nash matematikari bikainaren historia kontatzen du pelikulak, eskizofreniak bere bizitzan izan zuen eragina aztertuz. Hilaren 12an, aldiz, 'Gente corriente' zintaren txanda iritsiko da. Robert Redford-ek zuzendutako filmak, lau Oscar eta beste horrenbeste Urrezko Globo dituenak, suizidioaren gaia lantzen du. Marion Cotillard protagonista duen 'Dos días, una noche' pelikula izango da azaroaren 19ko saioaren ardatz, eta depresioaren inguruan gogoeta egiteko aukera zabalduko du. Zikloari amaiera emateko, 'Las ventajas de ser un marginado' pelikula proiektatuko dute 26an, nerabe lotsati batek institutuan sufritzen dituen gatazka eta osasun mentaleko arazoak landuko dituen filma, hain zuzen.