Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo berria eskainiko du Errenterian

Donostian, Eibarren, Zarautzen eta Bergaran eskaini diren Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo arrakastatsuen ostean, Agifesek ekimen berria antolatu du Errenterian. Maiatzeko ostegunetan izango da, 19:30ean, Niessen zinemetan
 
Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada ziklo bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek eta Bergarak. 'Zure Harremanik Zailena' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. 
 
Proiekzioak, eta psikologo batek gidatuta horien ondoren egingo diren solasaldiak, maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean izango dira. Sarrera doan da eta gehienez bi gonbidapen banatuko dira ikusle bakoitzeko. Gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, ostegunetik aurrera. 
 
Maiatzaren 9an emango zaio hasiera zikloari, lau Oscar irabazi zituen 'Una mente maravillosa' film biografikoarekin. Ekonomiako Nobel Saria eskuratu zuen John Nash matematikari bikainaren historia kontatzen du pelikulak, eskizofreniak bere bizitzan izan zuen eragina aztertuz. Hilaren 16an, aldiz, 'Gente corriente' zintaren txanda iritsiko da. Robert Redford-ek zuzendutako filmak, lau Oscar eta beste horrenbeste Urrezko Globo dituenak, suizidioaren gaia lantzen du. Marion Cotillard protagonista duen 'Dos días, una noche' pelikula izango da maiatzaren 23ko saioaren ardatz, eta depresioaren inguruan gogoeta egiteko aukera zabalduko du. Zikloari amaiera emateko, 'Las ventajas de ser un marginado' pelikula proiektatuko dute 30ean, nerabe lotsati batek institutuan sufritzen dituen gatazka eta osasun mentaleko arazoak landuko dituen filma, hain zuzen.