Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloak nerabeen depresioa aztertuko du

 
Maiatzaren 9an, asteazkenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Bergaran, 20:00etan Zabalotegi aretoan. Nerabeen depresioa aztertzen duen ‘Una historia casi divertida’ komedia estatubatuar original eta dibertigarrian 16 urteko Craig gaztetxoaren istorioa kontatzen da. Protagonistak buru osasun instituzio batean sartzea erabakitzen du eta, bertan, lagunak egin, maitemindu eta esperientzia aberasgarri ugari bizitzen ditu. Proiekzioaren ondoren, elkarteko sentsibilizazio batzordeko kideek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  
 
'Berdingabea zara' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Maiatzaren 2an hasi zen zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 16an eta 23an, Bergarako Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.
 
Gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen dituen eta bi Oscar sari eskuratu dituen 'El indomable Will Hunting' drama estatubatuarrak eman zion hasiera ekimenari. Hilaren 9ko proiekzioaren ondoren, maiatzaren 16an ‘Buscando a Eric’ filma eskainiko da, eta 23an azken urteotako italiar zinemaren arrakasta handienetakoa proiektatuko da: ‘Locas de alegría’.