Aitor Juaristi: “Barruan gordetako sentimenduak azaleratzeko hasi nintzen idazten”

Agifesek Eibarren duen Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroko erabiltzailea da Aitor Juaristi, eta ‘Poesía maldita en paredes pintadas’ izenburudun liburua argitaratu berri du. Bertan, bere esperientzia pertsonalean oinarritutako bizipenak kontatzen ditu, batzuk buru-nahasmenduarekin lotutakoak. 

Noiz hasi zinen idazten?

Beasaingo Aita Menni Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroan egon nintzen 2011 eta 2012 urteetan. Pentsatzeko, hausnartzeko eta neure buruarekin egoteko denbora asko nuen egun haietan. Bertatik atera nintzenean, emantzipatu egin nintzen eta egunkari pertsonala idazten hasi nintzen.
 
Garai hartan hip-hop musika entzuten nuen eta musika mota hori, azken finean, poesia denez, nik ere poesia idatzi nezakeela pentsatu nuen. Folio baten aurrean jarri nintzen, baina ez zitzaidan ezer ateratzen. Handik aste batera, berriro saiatu nintzen eta nire lehen poema idatzi nuen. Ordutik, 250 poema inguru idatzi ditut. 

Nola bururatu zitzaizun liburu bat argitaratzea?

Lo egiteko arazoak nituen eta denbora hori idazteko aprobetxatu nezakeela bururatu zitzaidan. Lehenengo, nire blogean idazten hasi nintzen (www.poesiaenparedespintadas80.com). Bertan, poesiak eta mikro poesiak idazten ditut eta marrazki batzuk ere argitaratu ditut.
 
Ehun poema inguru idatzita nituenean, liburua argitaratzea pentsatu nuen. Zentroko profesional batek eta lagun batek animatuta, idatzita nituen poema guztien hautaketa egin nuen, eta horrela osatu nuen liburua. Ez nuen esperientziarik poesiaren munduan eta sorpresa bat izan zen. Hogei ale argitaratu ditut eta bi astetan denak agortu dira. Orain bigarren argitalpenean ari naiz lanean. 

Zer esan nahi du liburuaren izenburuak?

Bere garaian “poeta madarikatu” izendatu nuen neure burua eta honela definitzen naiz. Gainera, blogean idazten hasi nintzenean, Leopoldo María Panero poeta hil zen, “azken poeta madarikatua” izenarekin ezaguna eta niretzat erreferente zena. Bestalde, idazteaz gain, marraztea ere gustuko dut. Hain zuzen, mural batzuk marraztu ditut nire herriko hainbat paretetan. Hala, liburuaren izenburuak, ‘Poesia maldita en paredes pintadas’, nire bi zaletasunak batzen ditu. 

Zertan inspiratu zara liburua idazteko orduan?

Barruan gordetako sentimenduak azaleratzeko hasi nintzen idazten. Liburua nire esperientzia pertsonalean eta nire bizipenetan oinarritua dago, baina fikzioa ere badu. Azaltzen diren istorio batzuk moldatuta daude eta estilo literarioari egokituta. Hasieran, poesia madarikatua idazten nuen soilik. Nire poema guztiek erotasuna, alkohola edota desamodioa zuten ardatz. Horietako poema asko ezabatu ditut, egun bizitzako beste fase batean nagoelako.

Zure ustez, buru-nahasmendua ezagutarazteko medio bat izan daiteke liburua?

Noski baietz. Lagunekin edo ezagunekin nire gaixotasunari buruz mintzatzea ez zait batere kostatzen, eta urteak daramazkit buru nahasmenduaren normalizazioaren alde borrokatzen, ahal dudan moduan. 
 
Nire blogeko jarraitzaileetako bat poeta profesionala da eta berak esango lukeen antzera,  gaixotasun bat sendatzeko borroka eta artea beharrezkoak dira. Eta, hain zuzen, hori da egiten ari naizena, nire esperientzia arte bilakatzen ari naiz. Dudarik gabe, barruan duzuna kanporatzeko modu bat da artea.