Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen kolektiboa Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko bilduko da Donostian

 
Agifes, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea, bihar, urriaren 10ean, ospatuko den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldietara batuko da aurten ere. Oraingoan, Gipuzkoako hainbat buru osasun erakunde eta zentro Donostiako Boulevardean elkartuko dira 11:30etik 13:00era Agifesek antolatutako topaketan. Egitasmo honek kolektiboaren beharrak ezagutzera ematea eta, batez ere, laneratzea aldarrikatzea du helburu, Estatu mailako konfederazioak proposatutako leloarekin bat eginik: ‘Mozorrorik gabe lan egin. Oztoporik gabe lan eman’. Izan ere, buru gaixotasuna duten pertsonek oso egoera laboral zaila dute. Kolektiboaren laneratze zifrak bigarren baxuenak dira desgaitasunen artean: %15,9k soilik du lana eta %5k bakarrik du lan egonkorra.
 
Mikel Erentxun abeslaria izango da hitzorduaren aurpegi ezaguna eta kolektiboaren aldarrikapenak publikoki ezagutzera emango ditu. Era berean, buru osasun arazoa duen pertsona batek irakurriko du Estatu mailako konfederazioko Lehen Pertsonan Buru Osasunaren Aldeko Taldeak idatzitako manifestua. Boulevardera gerturatzen diren bisitariak festa giroan murgilduko dira, musika eta Why not Fundazioak antolaturiko antzerki tailerra egongo baitira, baita Agifesek burututako ekimenei eta zerbitzuei buruzko informazioa ospakizunerako ezarritako postuan ere. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolaturiko ekintzen artean ere sartuko da urriaren 18an Hondarribian emango den depresioari buruzko hitzaldia. 
 
Urriaren 10a da Osasun Mentalaren Nazioarteko Federazioak urtero aukeratzen duen eguna kolektiboaren beharretara arreta bideratzeko. Aurten, Estatuko konfederazioak aukeratutako leloa munduko federazioak aukeratutako gaiarekin bat dator: ‘Buru osasuna lantokian’. Honela, buru gaixotasuna duten pertsonek lana egiteko duten eskubidea aldarrikatu nahi da, baita lantokian buru osasunari ematen zaion arreta zaindu eta buru gaixotasunari buruz askatasunez hitz egitea sustatu ere. 
 
Izan ere, buru osasunak ekonomian duen inpaktua izugarri handia da. Europan, buru osasun arazoek 240 bilioi euroko gastua eragiten dute urtero, eta horietako 136 bilioi produktibitate murriztuak eta absentismoak sortutako gastua dira. Bestalde, enpleguak langileen ongizatearengan duen eragin negatiboa ere oso deigarria da. Espainian, buru osasun arazoen %11 eta %27 bitartean lanarekin lotuta daudela esan liteke.  
 
Gainera, senideen eta buru gaixotasuna duten pertsonen elkarteek laneratze datu baxuak eta ezegonkortasun laborala salatu nahi dituzte. Estatuko konfederazioaren zifren arabera, buru osasun arazoa duen jendeak desgaitasuna duten eta lana egiteko adinean dauden pertsonen artean bigarren talde handiena osatu arren, euren laneratzea bigarren baxuena da desgaitasunen artean. Gainera, desgaitasuna ez duten pertsonekin alderatuz, %15 eta %20 gutxiago jasotzen dute egindako lanarengatik, euren independentzia eta ongizatea oztopatzen duen errealitatea.