Buru Osasuna eta Zinema zineforum zikloa Bergaran

Donostian, Eibarren eta Zarautzen eskaini diren Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo arrakastatsuen ostean, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, Agifesek, ekimen berria antolatu du Bergaran. 'Berdingabea zara' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. 
 
Proiekzioak, eta horien ondoren egingo diren solasaldiak, maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an izango dira, Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Sarrera doan da eta gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar. Ikusleak, pelikularen ondoren, elkarteko sentsibilizazio batzordeko kideek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.
 
Maiatzaren 2an emango zaio hasiera zikloari 'El indomable Will Hunting' filmarekin. Ben Affleck eta Matt Damon aktoreak protagonista dituen Gus Van Sant zuzendariaren drama horrek bi Oscar sari jaso zituen, eta gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen ditu. Hurrengo saioan, 9an, depresioa duen nerabe baten istorioa kontatzen duen 'Una historia casi divertida’ komedia original eta dibertigarria eskainiko da. Maiatzaren 16an, berriz, irudipenak dituen eta krisian dagoen gizon baten istorioari buruzko ‘Buscando a Eric’ komedia dramatikoaren txanda izango da, Ken Loach britainiarrak zuzendua. Zikloa ‘Locas de alegría' filmak itxiko du maiatzaren 23an, buruko osasun arazoa duten bi emakume protagonista dituen eta hogeita hamar sari inguru jaso dituen italiar ekoizpenak.