Buru Osasunaren Nazioarteko Egunak suizidioaren prebentzioa izango du ardatz

Buru nahasmendua duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko helburua duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean, urriaren 10ean, suizidioaren prebentzioa eta dolua izango dira ardatz. ‘Bizitzarekin bat egin’ lelopean, errealitate horien inguruan sentsibilizatzeko ekintzak burutuko dira Gipuzkoan, Euskadin eta Estatu osoan, senideak eta buruko osasun arazoak dituzten pertsonak bateratzen dituzten elkarteen eskutik.
 
Munduko Osasun Elkartearen datuen arabera, urtean 800.000 pertsonek baina gehiagok egiten dute bere buruaz beste; 40 segundoro, pertsona batek. Datu larriak dira, eta azken 60 urteotan, %50 hazi da kopurua. Gainera, 2020. urtean milioi eta erdira heltzeko aurreikuspena dago. 
 
Espainian, heriotza ez naturalaren lehen eragilea da suizidioa: egunean 10 pertsonak egiten du bere buruaz beste. Euskadin, aldiz, 2017. urtean 187 buru-hiltze egon ziren. Horrek esan nahi du bi egunetik behin pertsona bat suizidatzen dela. Agerikoa da suizidioaren eta buru osasun arazoen arteko erlazioa eta, hortaz, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen kolektiboak egoera horri aurre egiteko neurri eraginkorren aldarrikapena egin du. Izan ere, estimatzen da suizidio kasuen %90ean buru osasun arazoak zeudela tarteko; eta horien artean, %70k ez zuela buru gaixotasun historiarik.
 
Urriaren 10ean, Fedeafesek, buru osasunaren aldeko euskal elkarteak batzen dituen federazioak, ekitaldi instituzional eta aldarrikatzailea gauzatuko du Laudion, ordezkari politikoen eta elkarteetako kideen parte hartzearekin.
 

Ekintzen egutegia

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Agifesek hainbat jarduera antolatu ditu, osasun mentaleko arazoak ikusarazi eta depresioaren eta suizidioaren inguruko sentsibilizazioa lantzeko xedez.
 
Pasa den irailaren 24an, doako zineforuma izan zen Arrasaten. Bertaratutakoek ‘Gente Corriente’ pelikula ikusteko aukera eduki zuten, baita psikologo batek zuzendutako mahai-inguru batean parte hartzeko ere. Dolua, sufrimendu psikologikoa eta buru-hiltzearen saiakera izan ziren landutako gaiak.
 
Datorren astelehenean, urriak 14, aldiz, Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxeko areto nagusian, Ados Teatroa konpainiaren eta Acrónica Producciones-en ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios’ antzezlana proiektatuko da. Antzezlan horretan buru osasun arazoak dituzten aktoreek hartu dute parte. Proiekzioaz gain, hainbat aktore eta talde artistikoko kide protagonista izango dituen mahai-ingurua ere egingo da. Sarrera librea izango da aretoa bete arte.
 
Azkenik, depresioaren inguruko bigarren jardunaldia urriaren 28an eta 30ean izango da Donostiako Udaletxean. Bertan, profesionalen eta sufrimendu psikikoa pairatu duten pertsonen testigantzak eskainiko dira. Nahiz eta sarrera doakoa izan, aurre inskripzioa egitea gomendatzen da. 
 
Parte hartuko duten profesionalen artean, Andrea Gabilondo psikiatrak suizidioaren prebentziorako Euskadiko estrategia aurkeztuko du. Izaskun Andonegik, Bidegin elkarteko zuzendari eta sortzaileak, ordea, doluaren inguruko laguntza eta gaixotasun larrien gaineko zerbitzuak azalduko ditu. Edurne Pasaban euskal alpinistak, berriz, depresioaren eta suizidioaren inguruan bizi izan duen esperientzia partekatuko du.