Buruko eritasuna duten bederatzi pertsonak lan egingo dute Agifesek Hernanin zabaldu duen zentro berrian

Agifesek lan zentro berria inauguratu du gaur Hernanin. Negutegiak gaixotasun mentala duten bederatzi pertsonentzako lanpostuak sortuko ditu eta horren helburua da errentagarri izatea etorkizunean autofinantzatu ahal izateko. Zentro berriaren instalazioen zaharberritzea Gizarte Kutxako Kutxazabal programak finantzatu du, eta kudeaketa Segi Hiruren eskuetan utzi du Agifesek.

José Mari Irazustak, Agifeseko presidenteordeak, azaldu zuenez, “negutegi hau terapia zentroa izan zen eta Agifesek zuzenean kudeatzen zuen. Instalazioak, ordea, oso zaharrak ziren eta Gizarte Kutxari aurkeztu genion azpiegiturak berritzeko proposamena. Hala ere, lanak hasi orduko proiektuari beste buelta bat ematea erabaki genuen”. Hasierako asmotik haratago, Agifesek beste proiektu bati ekin zion: negutegia lan zentro bihurtzea.

“Hemen lan egingo dute, bi txandatan, gaixotasun mental desberdinak dituzten bederatzi pertsonak”, erantsi zuen Irazustak zentroaren inaugurazioan. Negutegiak enpresaren funtzionamendu bera izango du, hau da, produktuak merkaturatu beharko ditu eta langileek soldata izango dute. Helburua zentroa autofinantzatzea da etorkizunean lanpostu horien iraupena bermatzeko. Agifesek Segi Hiru enpresari eman dio zentroaren kudeaketa, proiektu sozialetan esperientzia duen irabazi-asmorik gabeko enpresa baita. Langileak, aitzitik, Agifesek aukeratu ditu, irizpide medikuak aintzat hartuta, baina kudeaketaren beste arlo guztiak Segi Hiruk hartuko ditu. “Produktuak merkaturatzeaz arduratu beharko dute, diru-laguntzak bilatu eta kudeatzeaz eta abar”, nabarmendu zuen Irazustak.

Negutegiak egun hartzen duen lurzorua Hernaniko familia batek eman zion Agifesi aspaldi, Hernaniko Udalaren bitartekaritzarekin. Guztira, 12.000 metro koadro dira, Karabel auzoan. Zentroak landareen negutegi bat dauka, barazkiak landatzeko bi eta langileek erabiltzeko modulu batzuk, hala nola komunka, sukaldea eta lanabesak gordetzeko biltegi bat.

Inaugurazioan izan ziren José Mari Irazusta, Agifeseko presidenteordea; Iñaki Almandoz, Kutxako Harreman Instituzionaletarako arduraduna; José Antonio de la Rica, Osakidetzako Osasun Mentaleko zuzendaria; Alvaro Iruin, Gipuzkoako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko zuzendaria; Ramón Beltza, Segi Hiruko ordezkaria; Eloína González, Agifeseko psikoterapeuta; eta Agifesek kudeatzen dituen osasun mentaleko zentroetako zenbait arduradun.

Almandozek esan zuenez, “oso harro gaude Agifesekin dugun harremanaz eta behar gaituzten pertsonen eta horien familien bizi kalitatea hobetzen laguntzeaz”. Kutxako ordezkariaren aburuz, “horrek hobetzen duelako Gipuzkoa osoko biztanleen bizi kalitatea”. Almandozek gogorarazi zuen iragan hilean Elgoibarren inauguratu zutela buruko eritasunak dituzten pertsonentzako zaintzapeko etxebizitza bat, proiektu hori ere Kutxazabalek diruz lagunduta.

De la Ricak, bestetik, Agifesek duen zerbitzuen sare zabala goraipatu zuen, baina bere ustez, Agifesen lanak ez du gizartean merezi duen oihartzunik.

Ramón Beltzak, Segi Hiruko ordezkariak, nabarmendu zuen erronka handia dutela, garaiotan bederatzi lanpostu mantentzea oso zaila delako. Hala ere, gogor lan egiteko prest azaldu zen ekimen berri horren biziraupena bermatzeko.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.