Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako enplegua, lanerako prestakuntza eta egoitza baliabideak aldarrikatu ditu Fedeafesek

Buruko gaitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko enplegu aukera, lanerako prestakuntzako programa eta egoitza baliabide gehiago eskatu zituzten atzo Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioko presidente (FEDEAFES) Mª Ángeles Arbaizagoitiak eta Agifeseko lehendakari Vicente Aretak. Aldarrikapen horiek Buruko Osasunaren Munduko Eguneko ekitaldien aurkezpenen prentsaurrekoan egin zituzten. Ospakizun horren inguruko ekitaldiak urriaren 10 eta 15ean ospatuko dira.

Denera, 3.600 baino kide gehiago biltzen dituzten euskal elkarteek gizarte laguntza gehiago ere eskatu zituzten eta, konkretuki, krisi ekonomikoak eragin arren buruko nahasmenduak dituzten pertsonen eta familien eskubideak eta duintasuna bermatzeko exijitu zuten. Ohartarazi zuten buruko gaitza duten pertsonen kopurua, egun, elkarteek dituzten kide zenbakia baina askoz ere handiagoa dela, eta beraz, diagnostikoak errazteko eta arreta psiquiatriko zein baliabide soziosanitario egokiak eskaintzeko lan handia egiteke dagoela.

Kartzelan buruko eritasuna duen pertsonik ez izatea ere eskatu zuten, arlo soziosanitarioan aplikatu behar baitzaizkie neurri egokiak. Eta kalean bizi diren pertsonen kolektiboari ere erreparatu zioten, askok buruko nahasmenduak sufritzen baitituzte. Haurrei buruz ere mintzatu ziren, gero eta proportzio handiagoan edukitzen baitituzten buruko gaixotasunarekin loturiko diagnostikoak. Hortaz, eskoletatik diagnostiko goiztiarrak bultzatzeko eta txikien egoera normalizatzen laguntzeko neurriak har daitezen premiatu zuten.

Prentsaurrekoan parte hartu zuten, halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesús María Fernándezek; Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako zuzendari Iñaki Múgicak; Donostiako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Jon Albizuk eta Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek.

Ander Rodríguezek Agifesen lana nabarmendu zuen, Administrazioari lan eskerga handia kentzen baitio eta aurrerapauso handiak eman baititu estigma sozialaren eta aurreiritzien aurkako borrokan.

Foru diputatuak ziurtatu zuen Gipuzkoako Diputazioaren kezka nagusietako bat dela “orain arte buruko osasunaren arloan egindako esfortzuak indartzea”. Rodríguezek baieztatu zuenez, bereziki sektore honetan “egiteko asko dago”.

Bestalde, Osasun sailburuorde Jesús María Fernándezek Eusko Jaurlaritzak buruko osasunaren inguruan 2011an egindako aurrerapenak aurkeztu zituen, Euskadiko Buruko Osasun Estrategia martxan jarri dutenetik, 2010ean.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako zuzendari Iñaki Múgicak, aldiz, buruko osasunaren inguruko arazoen gaineko kontzientziazio “lan gogorra” dela onartu zuen eta gogorarazi zuen guztion inplikazio handia behar dela kolektiboak pairatzen duen “diskriminazioari eta estigmatizazioari” aurre egiteko. Era berean, lan boluntarioa goraipatu zuen, horri esker “honaino iritsi ahal izan baikara”, eta gizarteari dei egin zion, bereziki gazteei, boluntario lanetan gehiago inplika daitezen.

Azkenik, Donostiako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Jon Albizuk, Agifesi eskerrak eman zizkion “urte osoan egiten duen lan ixilagatik”.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.