Buruko gaixotasunak familian duen eragin gogorrari buruzko bideoa landu du Agifesek Kepa Junkerarekin

Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren zazpigarren bideoan buruko gaitzaren diagnostikoak familian sortzen duen nahaste gogorra lantzen du Agifesek. Lehenengo aldia da elkarteko senide batek parte hartzen duela kanpainako ikus-entzunezko batean, eta Kepa Junkera du solaskide. Ainhitze Larrañagari bizitako esperientzia gogorraz galde egiten dio musikari ospetsuak. Gazte zumaiarrak anaiaren gaixotasun mentalari aurre egin behar izan dio eta esfortzu horretan babesgabe sentitu da urte luzez.

Gertuko ahaideen artean, ia laguntzarik gabe, eraman dute Beñaten gaixotasunaren zama luzaroan, 18 urte zituela eskizofrenia diagnostikatu ziotenetik. Egun, berriz, egoera ongi bideratzea lortu dute. Bizipen horien esperientzia partekatzeko asmoz parte hartu du Ainhitzek Agifesen kanpainan, eta elkartasun eta itxaropen mezua bidali nahi izan die antzeko errealitatean murgilduta dauden familiei.

“Ez daudela bakarrik, elkarteak eta gaian adituak diren psikiatrak daudela esango nieke… Diagnostikoari beldurrik ez izatea, horrekin hasten baita lana, eta familiek ere laguntza behar dugula, hau ez dela norberak bere etxean sufritzeko arazoa. Hasieran galduta sentitzen gara, eta niretzako funtsezkoa da eta izan da ikustea guztia normalizatzen doala, etxean gaixo bat izateagatik arraro begiratzen ez digutela egiaztatzea, eta bakarrik ez gaudela ohartzea”.

Protagonistak Kepa Junkerari baieztatzen dio ezinbestekoa dela familia osoaren laguntza izatea froga gogor honi aurre egin ahal izateko. “Gurasoak, aiton-amonak zein senide guztiak inplikatu beharko lirateke egoera berrian”, azpimarratzen du.

Egun, egonkor dago Beñat eta, bere arrebak komentatzen duen moduan, bere gaixotasuna eta tratamenduaren garrantzia ulertu ditu. Agifesek kudeatzen duen zaintzapeko etxebizitza batean bizi da eta eguneroko eginbeharretara ohitzen ari da pixkanaka. Gainera, elkarteak eskaintzen dituen aisialdi eta denbora libreko tailerretan parte hartzen du egunero.

“Beregan konfiantza handia dut. Bakarrik bizitzeko edo, gutxienez, bere kabuz moldatzeko oso gai ikusten dut”, ziurtatzen du Ainhitzek. Anaiari aurrera egiten laguntzeko asmoa du zumaiar honek, bere buruarekiko estimua handitu dezan eta bere egoera normalizatze aldera aurrerapausoak eman ditzan.

Bideoak editatzen jarraituko du Agifesek urte amaierara arte, hilabetero bat, bere 25. urteurrenaren testuinguruan garatzen ari den kanpainaren barne. Ikus-entzunezko hauen xedea da buruko gaixotasunaren inguruko alderdi anitzak landu eta kolektiboak pairatzen dituen aurreiritziak baztertzea. Bideoak prestatzeko, elkarteko erabiltzaile eta senideekin kolaboratuko du elkarteak, bai eta egitasmoarekin bat egin nahi duten aurpegi ezagunekin ere.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.