Buruko osasun arazoen ikuspegi soziala normalizatzeko kanpaina berria

Oraindik ere, buruko osasun arazoak tabua dira gure gizartean, hein handi batean. Zentzu horretan, Agifesek nahasmendu psikikoen ikuspegi soziala normalizatzeko kanpaina martxan jarri du, horien inguruan naturaltasunez hitz egin ahal izateko; izan ere, "neurriren batean, modu zuzen edo ez zuzenagoan, buruko osasun arazoek guztioi eragiten digute; eta hitz egitea, mesedegarria da", azpimarratu du Ruth Encinas Agifeseko gerenteak  eskainitako prentsaurrekoan.
 
Ander Rodriguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak txalotu egin du buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak abiarazi duen kanpaina, 'Mintzatuz osatu'. Horrelako ekimenak "lagungarriak dira estigma gainditzeko, buruko eritasuna duten pertsonei laguntzeko eta gaixotasun mentalen ezagutza zabaltzeko", nabarmendu du. Aldundiko arduradunak gogorarazi du lau pertsonatik batek buru nahasmenduren bat pairatzen duela bizitzan zehar, Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez. 
 
Zehazki, eritasun larrienak, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta afektibitate-nahasteak kasu, gipuzkoar gizartearen %3ri eragiten diete, Osakidetzak duela gutxi aurkeztutako txosten batean jakinarazi dutenez. Eskizofreniari dagokionean, Gipuzkoan diagnostikatutako pertsonen kopurua milatik 3,55ekoa da, EAEko batez bestekoaren gainetik: mila biztanleko 2,99 kasu. 
 
Halaber, Gipuzkoan buruko gaitzen bat diagnostikatua duten pertsonen kopurua 25.000 ingurukoa da, Osakidetzak 2013an emandako datuen arabera; eta urtero 5.000 diagnostiko berri egiten dituzte. Euskal Osasun Zerbitzuaren txostenak jasotzen duenez, Osasun Mentaleko alorrean tratamendua hartzen ari diren pazienteen %40k antsietatea edo depresioa du.
 
Ruth Encinasek aipatu duenez, buruko eritasunen bat duten pertsonei babesa ematearen garrantzia jendarteratu nahi du elkarteak, "euren egoera adierazteko aske senti daitezen eta laguntza bilatzera anima daitezen". Kanpaina buruko osasun arazoa dutenei ere zuzendua dago, baita euren gertuko senide eta lagunei ere, ahal bezain azkarren laguntza eskatzea komeni dela ohartarazteko. Izan ere, detekzio goiztiarra errekuperaziorako lagungarria da.
 

Laneratzearen erronka

Agifesen erronka nagusietarikoa kolektiboaren laneratzea sustatzea da; izan ere, %80k ez du lanposturik espainiar Estatuan, Feafes konfederazioak emandako datuen arabera. "Egoera honekin larrituta gaude, oraindik ere gizartean nabari den estigmaren ondorioa baita, hein batean", jakinarazi du Encinasek. Hori dela eta, datozen hilabeteetan profesionalen arteko topaketa antolatuko dute egoera aztertu eta soluzioak bilatzeko.
 
 
Karabeleko ekonekazaritza-etxalde esperimentalari ere erreferentzia egin dio. Hernanin kokatutako dago eta, bertan, "30 pertsona baino gehiagoren errehabilitazio psikosoziala" lantzen ari dira. Baliabide horren bitartez, etxaldeko erabiltzaileak lanerako prestatu nahi dituzte, bakoitzaren egoera kontuan hartuta. Zentzu horretan, iaz bi erabiltzaileri kontratu normalizatua egin zieten, lan karga gehien zegoen sasoietan, eta aurten aldi baterako beste lau kontratu egin ahal izatea espero dute. "Proiektua handitzen doan heinean, gure kolektiboarentzako lan aukera gehiago eskaini ahal izatea espero dugu", baieztatu du gerenteak.
 

Kanpainako jarduerak

Maider Gorostidi Agifeseko psikologoak kanpainako xehetasunak aurkeztu ditu. Bi urtez luzatuko da egitasmoa, eta orotariko jarduerak eta ekitaldiak hartuko ditu barne: lehiaketak, bideoak, hitzaldiak, ikastaroak, eta abar.
 
Besteak beste, 'Buruko osasuna hizpide' ekimena jarri du elkarteak martxan, gizarte-partaidetza sustatzeko eta jendeak buru osasunaren inguruko iritzi eta esperientzia pertsonalak parteka ditzan bultzatzeko. Parte-hartzaileek euren artikuluak bidaliko dituzte, eta Agifesek bere webgunean argitaratu eta sare sozialetan partekatuko ditu. Bestalde, laugarren urtez burutuko dira argazkilaritzako eta kontakizun laburren lehiaketak, gero eta arrakasta gehiago baitute. Ekimen horien xedea izango da kolektiboarekiko begirada berriak bilatzea, estigma gainditu ahal izateko. 
 
Komunikabideek egiten duten lana eskertzeko, gainera, bigarren urtez Kazetaritza eta Buru Osasuna sari-banaketa antolatu dute. "Hedabideek buruko osasun arazoen gizarte-ikuspegia normalizatzen laguntzeko gaitasun handia dute, eta baita gaitz psikikoak dituzten pertsonen gizarteratze eta laneratzea bultzatzen laguntzeko ahalmena ere", nabarmendu du Gorostidik. Hortaz, sariak banatuko ditu Agifesek urte amaieran, osasun mentalaren gaia zuzentasunez landu duten kazetarien lana aintzat hartzeko.
 
Hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak sentsibilizazio-proiektu honen zutabe nagusietarikoak dira. Datozen hilabeteetan, gai anitz landuko ditu elkarteak, Gipuzkoako eskualde guztietan. Besteak beste, patologia duala edo drogazaletasuna, nahasmendu bipolarra, depresioa, buru gaixotasunaren inguruko estereotipo eta mitoak, estresa hobeto ezagutzen eta kontrolatzen ikasteko hitzaldia, eta abar.
 
Beste ekitaldi nagusietako bat 5 MILIA Buru Osasunaren Alde lasterketa solidarioa izango da. Beste behin ere, Donostian burutuko da, osasun psikikoa zaintzearen garrantzia transmititzeko eta buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen kolektiboari babesa emateko helburuarekin. Helduen proba, korrikalari eta patinatzaileentzat, eta haurren lasterketa egingo dira irailaren 27an, eta mila pertsona inguru elkartzeko aurreikuspena dute.
 
Luciano García Agifeseko erabiltzaileak ere bere iritzia eman nahi izan du buru osasunaz hitz egitearen eta laguntza eskatzearen inguruan. "Ni hasieran ez nintzen batere inplikatzen Agifesen, oso itxia nengoen, nerabezaroan eta gaztaroan jasandako sufrimenduarekin traumatizatua. Zorionez, eskarmentu handiko psikologo batekin topo egin nuen eta horrek asko lagundu zidan. Klik bat egin nuen, eta errekuperazio prozesuarekin hasi nintzen", adierazi du. "Besteei sentitzen duzuna kontatzea lagungarria da guztiontzat, baita lagun bati entzutea edo maite duzun norbaitekin denbora pasatzea ere".