Depresioaren sintoma intelektualak

 
Depresioa oharkabean etortzen da, eta pertsonaren pentsamenduetan barrena sartzen da, honek errealitateaz duen ikuspuntua eraldatu arte. Zentzutasuna, ilusioa eta energia guztia xurgatzeko gai den zulo handi eta beltz baten pare azaltzen da. Depresioak bakardadera eramaten  gaitu, nekera, dena bertan behera uztera… geure buruari tratu txarra ematera bultzatzen gaitu. 
 
Depresioa sufritzen duten pertsonen hitzak dramatikoegiak direla pentsatzea nahiko ohikoa izaten da, eta sarritan, ez zaie behar bezalako garrantzia ematen. Baina errealitatea bestelakoa da. Gaixotasunak pentsamenduak desitxuratzen ditu, gaixoak bere gaitasunak zalantzan jartzeraino. 
 
Motibazioaren galera eta atsekabea 
Tristura, frustrazioa, gogogabetasuna edota inhibizioa geure buruaz jabetzen direnean, bizi-kalitatea ahultzen da, bai norbanakoarena eta bai ingurukoena ere. Ohikoa da pentsatzea kanpora ateratzeak ez duela zentzurik. Hots, depresioa duten pertsonek sufritzen duten motibazio, iniziatiba eta energia falta hain da handia, ezen ohetik ateratzeko gogorik ez dutela. Bizitzan porrot egin dutela eta ezer egiteko gai ez direla pentsatzen dute. Bizitzan probetxuzko ezer egiteko gai ez direla sinestarazten die atsekabeak eta horrek autoestimua oraindik gehiago kaltetzen die. 
 
Ikuspuntu hori ez da zuzena izaten: euren bizitzan ez doa dena gaizki eta, ziurrenik, ez dute alor guztietan porrot egin. Gertatzen dena da depresioa dutenek ez dituztela euren bizitzako gertakariak objektibotasunez gogoratzen eta, ondorioz, ezkortasunez betetako bertsio sinplifikatuan bihurtzen dute euren bizitza, gainontzeko gauza positiboak kontuan hartu gabe. 
 
Errudun sentitzea eta gehiegizko erantzukizuna
Depresioak errudun sentitzera bultzatzen gaitu sarritan, eta hori errekuperazio-prozesuan oztopo handi bihur daiteke. Alde batetik, gehiegizko kulpa sentimenduak depresioa eragin dezake, eta bestalde, depresioa da gaixoaren erru sentimenduaren arrazoia. Hala, bertatik ateratzeko oso zaila den sorgin-gurpil batean sartzen da depresioa duen pertsona. 
 
Bizitzan zehar, gauzak ez dira nahi bezala ateratzen batzuetan, eta horrek ez du esan nahi errudun sentitu behar dugunik. Depresioa sufritzen duten pertsonek besteei laguntzeko motibazio falta somatzen dute –euren buruari laguntzeko gai ere ez dira-, eta horrek erru sentimendua areagotzen du. Izan ere, ingurukoei min egiten ari dietela ohartzen dira, baina ez dira egoera aldatzeko gai izaten. 
 
Iragarpen faltsuak eta desrealizazioa
Depresioa sufritzen dutenen artean, nahiko ohikoa da pentsatzea gertatzen ari dena ez dela benetan gertatzen ari. Izan ere, bizitzen ari diren gertaerekiko jarrera nahiko pasiboa dute. Horregatik, errealitatea eurena ez balitz bezala interpretatzen dute, eta bizitza kanpotik ikusten ariko balira bezala bizitzen dute, interesik ez duen film bat ikusten ariko balira bezala. 
 
Gainera, gogorik gabe egiten diete aurre etorkizuneko planei. Izan ere, sarritan, depresioa dutenek iraganeko esperientzia txarrak gogoratzen dituzte eta onak alde batera utzi. Behin zoriontsu egin zien guztia ahazten dute. Hala, esperientzia txarretan oinarritutako iragarpen faltsuak egiten dituzte. Adibidez, depresioa sufritzen duen pertsona bati iraganean lan arloan gaizki joan bazitzaion, profesional txarra dela usteko du, eta etorkizunean gaizki joango zaiola pentsatuko du. 
 
Depresioa dutenek egiten dituzten iragarpenek ez dute oinarririk, atsekabetik eginak dauden iragarpenak direlako. Tamalez, iragarpen horiek errealitate bihurtzen dira batzuetan, aldez aurretik daukaten jarrera pesimistaren eraginez. Horregatik, gaixotasunak dakarren pentsamenduaren deformazioaz kontziente izan behar du depresioa sufritzen duen pertsonak eta, horrela, iragarpen faltsuak eta pentsamendu ezkorrak ekiditen saiatu beharko litzateke. 
 
Dramatismorako joera 
Depresioa duten pertsonek katastrofismorako, dramatismorako eta muturreko pentsamenduak edukitzeko joera dute. Ez da erdiko terminorik existitzen. Beraientzat, gauzak onak ala txarrak dira, zuriak ala beltzak. Ez dira tonu grisak existitzen. Eta giza harremanekin gauza bera gerta daiteke. Giza harremanekiko duten ikuspuntua erabat ezkorra da. Sarritan, ez dira inorengandik maitatuta edota errespetatuta sentitzen eta, hain zuzen, jarrera hori da euren giza harremanak benetan kaltetzen dituena.
 
Egoera horren aurrean, dramatismoan oinarritutako iritziak eta pentsamenduak zeintzuk diren hautematen saiatu behar dute depresioa dutenek, euren egoerak okerrera egin ez dezan. Hala, garrantzitsua da isolatze soziala ekiditen saiatzea. Izan ere, denborarekin, ondorio fisikoak, mentalak eta emozionalak izan ditzakete. 
 
Pentsamenduaren kontrola
Depresioak gure buruan uzten dituen ondorioak benetan suntsitzaileak izan daitezke eta, askotan, sintoma fisikoak baino okerragoak dira. Buruak ez badu behar bezala funtzionatzen, oso zaila da egunerokotasunean suertatzen zaizkigun arazoei aurre egitea. 
 
Horregatik, depresioa atzean uzteko gakoetako bat pentsamenduaren kontrola da. “Pentsatzen dugun hori gara” esaldiak ez du zertan egia izan, eta objektiboki pentsatu ezin dugun egoera baten aurrean are gutxiago. Pentsamenduak kontrolatzea ez da lan erraza, baina beharrezkoa zaigu gogoratzea gu geu izan behar garela gure bizitzaren gidari eta ez ezkortasunaren gatibu.