Depresioaren sintoma orokorrak

 
Denok sentitu izan ditugu tristura, melankolia, atsekabea edota suminkortasuna noizbait. Baina sentsazio horiek denboran luzatzen badira eta gure egunerokotasuna behar bezala eramateko oztopo bihurtzen badira, beharbada, sentitzen ari garena atsekabea baino gehiago izan daiteke, eta posible litzateke depresio bilakatzea.
 
Depresioa gaitz emozionala da, eta lehen gustukoak genituen jarduerengatiko interes eza eta tristura eragiten ditu. Gure bizitzako edozein momentutan ager daiteke: nerabezaroan, helduaroan ala adineko pertsonetan. 
 
Pentsamenduetan eta pertsonen jarreran eragina du, eta arazo fisiko eta emozionalak sortzeko gai da, bizitzeak ez duela merezi sinestarazteraino. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), Europar Batasunean, 18-56 urte bitarteko pertsonen artean,  18,4 milioik sufritzen dute depresioa. 
 
Sintoma emozionalak
Depresioa ez da bat-batean etortzen eta hori arrisku bat izan daiteke. Tristura, antsietatea edota itxaropen gabezia pixkanaka iristen dira eta gure bizitzan gelditzen joaten dira. Oharkabean, tristura kronikora bultzatzen gaitu eta eguneroko jarduerak normaltasunez egin ahal izateko oztopo handi bilakatzen da. Esaterako, haurrak zaintzeko, lagunekin disfrutatzeko edota kanpora ateratzeko orduan, oztopo bihur daiteke. 
 
Depresioa dutenek gogo-aldarte baxua izaten dute, eta bizitzarekiko interes eza azaldu dezakete. Pertsona hauek nekea eta zereginak gauzatzeko gogo eza sentitu ohi dituzte, eta egoera honen aurrean, ohikoa izaten da ohetik ateratzeko indarrik ere ez izatea.
 
Tristura, negar egiteko gogoa eta etsipena sentitzea arrunta izaten da depresio kasuetan, eta normalean, haserrealdiekin, suminkortasunarekin eta frustrazio egoerekin batera etortzen dira. Pentsamendu negatiboen gatibu bihurtzen da gure burua, eta, pentsatzeko, kontzentratzeko, erabakiak hartzeko edota gauzak gogoratzeko erabat baliogabetua gera daiteke.
 
Bestalde, depresioa dutenen artean, nahiko ohikoak dira hutsaltasun sentimendua nahiz iraganean gertatutako zerbaiten errudun sentitu eta kulparen zama beregain hartzea. Suminkortasuna, norberarekiko konfiantza falta edota disfrutatzeko gai ez izatea ere depresioaren ondorioetako batzuk dira. 
 
Sintoma fisikoak
Sintoma emozionalez gain, sintoma fisikoak ere eragiten ditu nahasmenduak. Oso ohikoak dira buruko mina eta bizkarreko gaitzak, momentu oro sentitzen diren atsekabearen eta tentsioaren ondorio bezala. Depresioarekin batera antsietatea azaltzen denean, bihotzeko arazoak edo bularreko mina ager daitezke. 
 
Hain zuzen, antsietatearen eraginez, lo egiteko arazoak sor daitezke. Izan ere, depresioa dutenen artean ohikoa izaten da gauean lokartu ezinik ibiltzea eta gero, goizean goiz, berehala esnatzea. Horrekin lotuta, nekea eta itolarria sufritzen dituzte pertsona hauek. Hala ere, loaldia alde batera utzita, depresioa dutenak beti nekatuta sentitzen dira, eta egunerokotasunari aurre egiteko energia falta somatzen dute. Beste sintoma fisikoetako batzuk jateko gogo eza eta aldaketa fisikoak dira. Pertsona batzuk neurririk gabe jaten hasten diren bezalaxe, beste batzuek jateko gogo eza edukitzen dute. 
 
Prebentzioa eta tratamendua
Biokimikako alorreko ikertzaileek diotenez, depresioa dutenek, cortisol deituriko hormona maila altua dute. Hormona maila altua heredatua izan daitekeela diote, baina, bestalde, heredatuak ez diren depresio kasuak ere badaude eta milaka izan daitezke horien zergatiak: lagun maite baten galera, egoera berrietara moldatzeko gaitasun eza, lanarekin lotutako antsietate maila altuak edukitzea, gaixotasunak, etab. 
 
Depresioak ez du konponbide erraz eta azkarrik. Laguntza eta pazientzia ezinbestekoak dira. Arazoari aurre egiteko modurik aproposena hainbat baliabide kontuan hartzea da: psikoterapia, psikofarmakologia, ahaideengandik eta lagunengandik jasotzen den laguntza, arreta fisikoak eta lan-jarduerak eta gizarte edota formakuntza jarduerak, beste batzuen artean.