Donostiak buru osasunaren alde korrika egingo du igande honetan

Buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen aldeko kirol festa egingo da Donostian datorren asteburuan. Agifes elkarteak ‘5 MILIA Buru Osasunaren Alde’ Lasterketa Solidarioa antolatu du seigarren urtez jarraian, eta datorren igandean, irailak 24, egingo da. Ehunka korrikalari biltzen dituen ekimen honen helburua kolektiboari babesa ematea da, eta gaixotasun psikikoen inguruko mitoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea. 
 
Zortzi kilometro inguruko ibilbidea EHUko Barriola eraikinetik (aularioa) abiatuko da eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu hasierako puntura iritsi arte. Bi proba egingo dira; helduena 10:00etan hasiko da, eta haurrena, 11:30ean. Bigarren korrikaldi horretan 5 eta 13 urte arteko txiki eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute, eta 14 urtetik gorakoek, aldiz, helduen proban.
 

Kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzea

Kirol festa honekin lortutako etekinak buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako ekintza eta proiektuak sustatzeko erabiliko ditu Agifesek. Egitasmoan parte hartzeko ez da beharrezkoa korrika egitea, Dortsal Solidarioa deritzona eskuratzeko aukera baitago www.kirolprobak.com webgunean. Hamar euro balio dituen dortsal hori erosten dutenek lasterketako kamiseta jasoko dute, gainontzeko partaideek bezala.

 

Sariak

Helduen lasterketako parte-hartzaileak hiru mailatan banatuko dira: Juniorrak (14-25 urte), Seniorrak (26-45 urte) eta Beteranoak (46 urtetik gora). Gainera, gizonezko eta emakumezkoen kategorietan bereizita lehiatuko dute. Maila eta kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek garaikurra irabaziko dute. Haur eta gaztetxoek ere adinen arabera banatuta egingo dute korrika, eta dominak, kamiseta eta hamaiketakoa jasoko dituzte parte hartzeagatik.
 
Izen-emateak www.kirolprobak.com web orrian egin behar dira hilaren 22a arte, eta Dortsal Solidarioa ere bertan eta Agifeseko webgunean (http://agifes.org/es/ colabora) eskura daiteke.