Donostiako markesinak eta autobusetako pantailak hartu ditu depresioari buruzko kanpaniak

'Zure harremanik zailena' sentsibilizazio kanpaina kalera irten da berriro, sufrimendu psikikoa duten pertsonengana gerturatu asmoz. Gabonetan hasi eta urtarrilera bitartean gauzatu den ekintzak arrakasta handia izan du; izan ere, jende mordoak deitu du elkarteko egoitzara informazio edo laguntza eske.

Donostiako autobus geltokietan ezarritako karteletan eta Dbus konpainiako pantailetan pertsona bat ikus zitekeen ispiluari begira; emakume heldu bat eta mutil gazte bat. Baina kristalaren beste aldean agertzen dena ez da ohiko isla, depresioaren aurpegia baizik. Pertsonak bere nahasmenduarekin duen harreman korapilatsua deskribatzen du kanpainak, eta horretarako, harreman afektibo gataz- katsuaren metafora baliatzen du. Udaberrian aurkeztu genituen bideo eta kartelen jarraipena dira azken hauek.

Horrela, gero eta hedapen handiagoa duen nahasmenduari arreta emateko esfortzuak areagotu nahi ditu Agifesek. Izan ere, jende asko dago depresio sintomekin eta isolatuta, inongo laguntzarik gabe. Gainera, Agifesen mugak zabaldu nahi ditugu, elkartea orain gutxi arte gaixotasun larrienekin lotu baita soilik, eta ez bestelako nahasmendu psikikoekin. Azken urtean apustu berezia egiten ari gara laguntza psikologikoa behar duten pertsona guztiengana iristeko.