Drogek buru osasunari egiten dion kalteari buruzko hitzaldia Lasarte-Orian

Hitzaldiaren izenburua: Buru osasuna eta drogak
Data: Ekainak 19, asteazkena
Lekua: Lasarte-Oria. Antonio Mercero Gunea
Ordua: 19:00etan
Hizlaria: Aitor Sastre, Agifeseko Lehen Pertsonan Batzordeko kidea 
 
Buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, Agifesek, drogek buru osasunari eragiten dioten kaltearen inguruko hitzaldia eskainiko du ekainaren 19an Lasarte-Orian. Elkarte honetako Lehen Pertsonan Batzordeko kide Aitor Sastrek gidatuko du saioa, 19:00etatik aurrera Antonio Mercero Gunean.
 
Alkoholak, marihuanak eta kokainak bezalako substantziek buru osasunean dituzten ondorioez ohartaraziko du Sastrek, eta droga horiek kontsumitzearekin ager daitezkeen patologia psikikoak azalduko ditu. Badira zenbait urte droga-mendekotasuna gainditu zuela gazte honek, eta esperientzia horren berri emango du topaketan, baita horrelako arazoei aurre egiteko aholkuak eskaini ere. 
 
Aitor Sastrek urteak daramatza gazteei nahiz profesionalei zuzendutako hitzaldi eta tailerrak ematen gai honen inguruan. Toxikoen kontsumoak ekar ditzakeen ondorio larriekin oso kontzientziatua dago, eta gazteak pentsaraztea du helburu, erabaki egokiak har ditzaten.