Ehunka pertsonek Buru Osasunaren alde korrika egingo dute irailaren 29an Donostian

Agifes elkarteak eta Why Not? fundazioak ‘5 MILIA Buru Osasunaren Alde’ Lasterketa Solidarioa gauzatuko dute bigarren urtez datorren igandean, irailak 29. Iaz 550 korrikalari baino gehiago bildu zituen ekimen honen helburua da buru gaixotasuna duten pertsonak eta horien senideak ikusaraztea, eta kolektiboak pairatzen dituen mitoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea. Aurten ere hainbat aurpegi ezagunek babestu dute proba, besteak beste Xabi Prieto Real Sociedad futbol taldeko kapitainak, Akelarre jatetxeko sukaldari Pedro Subijanak eta La Oreja de Van Gogh musika taldeak.
 
Zortzi kilometro inguruko ibilbidea EHUko Barriola eraikinetik (aularioa) abiatuko da eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu hasierako puntura iritsi arte. Korrikalariez gain, aurten rollerrek ere modalitate berri batean parte hartu ahal izango dute. Eta txikiek ere euren tartea edukiko dute; izan ere, helduen lasterketaren ondoren 5 eta 15 urte bitarteko haurrentzat egokitutako proba egingo da.
 
Dortsal Solidarioa
Kirol festa honekin lortutako etekinak buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako ekintza eta proiektuak sustatzeko erabiliko dira. Baina egitasmoan parte hartzeko ez da beharrezkoa korrika egitea edo patinatzea, Dortsal Solidarioa deritzona eskuratzeko aukera baitago www.kirolprobak.com webgunean. Hamar euro balio dituen dortsal hori daukaten guztiek ehunka sari lortzeko aukera izango dute, korrikalari eta rollerrek bezala.
 
Sariak
Parte-hartzaileak hiru mailatan banatuko dira, bai korrikalarien kategorian eta baita patinatzaileenean ere: Juniorrak (16-25 urte), Seniorrak (26-45 urte) eta Beteranoak (46 urtetik gora). Gainera, gizonezko eta emakumezkoen kategorietan bereizita lehiatuko dute. Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek garaikurra irabaziko dute.
 
Izen-emateak www.kirolprobak.com web orrian egiten dira, eta Dortsal Solidarioa ere bertan eskuratzen da. Informazio gehiagorako www.5millasporlasaludmental.com webgunea bisita dezakezue.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.