Eibarko Udalak eta Gurutze Gorriak indarrak batu dituzte behar bereziak dituzten pertsonak paseatzera atera daitezen laguntzeko

 
Bizitzen ari garen osasun-alarma dela eta hartu behar ditugun prebentzio-neurriak bereziki zailak dira behar bereziak dituzten pertsonentzat eta haien senideentzat.
 
Egoera horren ondorioz, Eibarko Udalak ekimen bat bultzatu du pertsona horiei paseatzera ateratzeko aukera eskaintzeko Eibar-Ermuako Gurutze Gorriko boluntarioekin batera. Izan ere, Udalean badakite pertsona hauek “premia batzuk dituztela, eta horiek, kasu askotan, bateraezinak direla alarma-egoerak ezarritako neurri zorrotzekin; eta, ondorioz, bizikidetza-arazoak sortzen direla senideen artean”.
 
Eibar-Ermua Gurutze Gorriko boluntarioek emango dute zerbitzu hori. “Beharrezko identifikazio dokumentua eramango dute eta osasun-krisiak ezarritako neurriak modu zorrotzean beteko dituzte, uneoro elkarrekiko kontaktua eta kutsatzeko edozein arrisku saihestuz”.
 
Alkatearen esanetan, “eibartar horiei aukera eman nahi diegu familia-ingurunetik kanpo dauden pertsonekin kalera irteteko. Horrela, ateratzen direnentzat zein etxean jarraitzen dutenentzat gozamen eta lasaitasun-tarte bat ahalbidetu eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dugu garai honetan”.
 
Zerbitzu honetan interesa duen orok 943 17 62 48 telefonora deitu beharko du (goizeko ordutegian), edo mezu elektronikoa idatzi eibarermua.coronavirus@cruzroja.es helbidera.