Erakundeak buruko osasuna bultzatzeko gehiago inplika daitezen eskatu du Fedeafesek

Fedeafes federazioak biltzen dituen buruko gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal elkarteek Buruko Osasunaren Munduko Eguna ospatu dute gaur Donostiako Kursaalean, eta 500 pertsonatik gora elkartu dira. Elkarteetako bozeramaileek buruko gaitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko laguntza neurriak eskatu dizkiete erakundeei. Bereziki, senitartekoen babesik edo baliabide ekonomikorik ez dutenei laguntzeko, bai eta kartzelan daudenei ere.

Ekitaldian parte hartu du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek. Ogibidez medikua dela gogorarazi du, eta aipatu du bere bidean buruko nahasmenduarekin topatu dituen pertsonek “giza baloreen aldeko apustua egitearen garrantzia ulertzen” lagundu diotela. Izagirrek baieztatu duenez, “gizarte honetan ez dago inor soberan”, eta senideen eta elkarteen papera azpimarratu du, “neurri handi batean ezezaguna den arren funtsezkoa baita”.

Izagirrek ziurtatu du gizartea buruko gaitza duten pertsonekin zorretan dagoela “hainbeste urtetako diskriminazioagatik”, eta estigmaren kontra eta buruko osasunaren alde lan egiten jarraitzera animatu du Fedeafeseko kolektiboa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Dependentziaren Arretarako zuzendari Txelo Pérezek euskal elkarte guztien lana eskertu du eta Julia Hernándezek, Arartekoaren ondokoak, kolektiboaren adorea goraipatu du. Biek adierazi dute erakunde publikoek “guztioi barneratuko gaituen” gizarte bidezkoago baten alde lan egin behar dutela.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako sailburuorde Alfonso Gurpegik aditzera eman du antolatuta dagoen gizarte zibil bat “gizarte indartsua” dela eta “herrialde honen osasun demokratikoaren seinale” dela. Fedeafesen kide diren elkarteak lanean jarraitzera bultzatu ditu, euren sentsibilizazio ekintzekin eta kolektiboaren inguruko estigma apurtzeko esfortzuarekin aurrera egitera, hain zuzen. “Ezberdina den pertsonarekiko beldurra existitzen da oraindik”, adierazi du, eta Exekutibotik kolektiboari laguntzen jarraituko diotela zin egin du.

Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Jesus Mª Fernández, berriz, Osakidetzak osasun mentalaren arloan egindako lanari buruz mintzatu da, eta profesionalen eguneroko lana laudatu du. “Elkarte eta instituzioek elkarrekin lan egiten jarraitu behar dugu, egiteke asko daukagu eta”, gaineratu du.

VICENTE RUBIO
‘Solo’ dokumentalaren zuzendari eta protagonista Vicente Rubiok ere parte hartu du ekitaldian. Publikoari gomendatu dio “ilusio bat bilatzeko, bizi proiektu bat, eta hori errealitate bilakatzeko lan” egiteko. Eskizofrenia diagnostikatu ziotenean beregain zama handia sentitu zuela aitortu du, baina familiaren eta lagunen laguntzari esker aurrera egin ahal izan duela komentatu du. Bere burua adibide gisa jarri du buruko nahasmenduaren fase zailenak pasatzeko aukera dagoela erakusteko. “Nik emaztea eta haurrak ditut orain, eta ahal dudan gehien disfrutatzen dut bizitzaz, nire ametsa bete da eta”.

Egunean zehar ehunka donostiar gerturatu dira Fedeafeseko elkarteek eta buruko osasunarekin loturiko beste entitate batzuek jarritako standak ikustera. Batukada batek girotu du jardunaldiaren hasiera, eta elkarteetako erabiltzaileentzako jokoak ere egin dira. Jardunaldia bazkari batekin eta dantzaldiarekin amaituko da.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.