Erakundeek Osasun Mentalaren alde lanean jarrai dezaten eskatu du Agifesek

Agifesek sari-banaketa bat egin zuen apirilaren 16an, bere 25. urteurrena dela eta, hainbat entitatek eta pertsonek egin dioten ekarpena eskertzeko asmoz. Horrela, buruko gaixotasuna duten pertsonak eta senideak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak saritu ditu Gipuzkoako Foru Aldundia, Arartekoaren instituzioa, Kutxa Fundazioa, bai eta Donostiako, Elgoibarko, Irungo, Oiartzungo eta Zumarragako udalak ere. Bestalde, omenduak izan dira Eloína González, psikoterapeuta, gizarte langile eta erizaina, zein Aurora Elósegui epailea. Hilondoko omenaldi berezia jaso du, gainera, Victoriano Arrazola senide eta Agifeseko boluntarioa izan zena, elkarteko zuzendaritzan edo bestelako batzordeetan modu desinteresatuan lan egiten duten familiarren ordezkari gisa. Eta azkeneko saria erabiltzaile guztiei eskaini die Agifesek.

María Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak (Familien eta Eri Psikikoen Euskadiko Elkarteen Federakuntza) gogorarazi zuenez, apirilaren 25ean 25 urte beteko dira Osasunaren Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Arbaizagoitiak azaldu bezala, arau horrek psikiatrikoetako ateak irekitzea ahalbidetu zuen eta, horrela, gaixotasuna zuten pertsonak etxera itzuli ziren, ez baitzuten ospitaleetan giltzapetuta egon beharrik nahita nahiez. Fedeafeseko ordezkariaren hitzetan, aurrerapauso garrantzitsua izan zen hori kolektiboarentzat, baina, “senideak bakarrik geratu ziren gaixoak zaintzeko garaian. Horregatik sortu ziren elkarteak, familia horiek laguntza eskaintzeko”.

Arbaizagoitiak oso positiboki baloratu zituen duela gutxi sortu diren Menpekotasunaren Legea eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legea, hobekuntzak ekartzen baitituzte kolektiboaren bizi kalitateari eta pertsona hauek aintzat hartzeari dagokionean. Hala eta guztiz ere, azpimarratu zuen oraindik ere “hutsuneak” daudela arreta soziosanitarioaren sisteman.

Era berean, Osasun Mentalaren alde borrokatzen duten euskal elkarteak biltzen dituen federakuntzaren arduradun nagusiak aipatu zuen oraindik estigma handia bizi duela kolektiboak eta horrek oztopatu egiten duela “pertsona hauek gizarteratu ahal izatea”. Zentzu horretan, Agifes zoriondu zuen aurrera eramaten ari den gizarte sentsibilizazio kanpaina dela eta, ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ leloa daramana. “Arrakasta handia lortzen ari da kanpaina Estatu osoan. Eskerrik asko eta guztiontzat indarra”, gaineratu zuen.

Kolektiboaren beharrei erantzuna ematearren, Diputazioak “Gipuzkoako baliabide soziosanitarioak hobetzen jarraitzeko duen konpromisoa” berretsi zuen Juan Ramon Larrañaga Ezinduen Laguntzarako zuzendariak. Entitate horrek elkarlan hitzarmena du Agifesekin eta, horren arabera, elkarteak 50 plaza kudeatzen ditu zaintzapeko pisuetan eta 82, eguneko zentroetan. Agifesen errehabilitazio psikosozialerako egituren kudeaketa lana txalotu zuen Larrañagak.

Juan José Goya Kutxa Fundazioko zuzendariak baieztatu zuen Gipuzkoako gizartearen “aurrerapena” bultzatzen duela Agifesek, gaixotasuna duten pertsonei eta familiei ematen dien laguntzari esker. Era berean, adierazi zuen Kutxaren Gizartekintzak borondate osoa duela Agifesi laguntza eskaintzen jarraitzeko Kutxazabal programaren bitartez. Programa horrek “25 milioi euro baino gehiago banatu ditu azken 25 urteotan”, esan zuen.

Agifeseko zuzendaritza batzordeko kide Rosalía Sánchezek errepasatu zituen azken 25 urteotan Osasun Mentalaren arloan emandako aurrerapausoak. Kolektiboa “gabezia handiko egoeran zegoen hasieran eta instituzioek erabat ahaztua zuten”. Egun, berriz, egitura sare bat osatu da: “eguneko unitateak, zaintzapeko etxebizitzak, errehabilitazio psikosozialeko zentroak, etxez etxeko arreta, familiei eta erabiltzaileei laguntzeko terapia taldeak, eta aisialdirako programak daude”, besteak beste. Halere, “oraindik bide asko egin beharra dago”, baieztatu zuen Sánchezek, eta nabarmendu zuenez, “funtsezkoa da egitura berriak aldarrikatzea, guretzat beharrezkoak baitira”.

SARIDUNAK
Gipuzkoako Foru Aldundiak saria jaso zuen, Agifesi gehien lagundu dioten entitateetako bat baita. 1997an hasi zuten kolaborazio hitzarmena, urtez urte berritzen dutena. Aldundiak emandako diru-laguntzei esker, Agifesek aurrera eraman ahal izan ditu bere programa nagusiak: harrera eta orientazioa, zaintzapeko pisuak, eguneko zentroak, programa psikohezitzaileak, familien laguntzarako programak, gizarteratzekoak, denbora librekoak, eta abar luze bat.

Arartekoari, herriaren defendatzaileari, ere saria eskaini zitzaion, kolektibo honi “entzuten eta ulertzen” jakin izan baitu. Arartekoak Osasun Mentalaren arloari ekarpena egin dio, alde batetik, buruko gaitzak ospitaletik kanpo duen trataerari buruzko azterlan sakonak argitaratu baititu, beste hainbat ikerlanen artean; eta bestetik, dagokion Administraziora bideratzen baitizkio kolektiboaren datuak, kexak eta iradokizunak.

Ekarpen ekonomiko nagusien artean Kutxak emandakoa dago. Entitate honen Gizartekintzaren Kutxazabal programaren bitartez, “oso laguntza ekonomiko nabarmena” eman zion Agifesi duela zenbait urte, aditzera eman zuten elkartetik. Besteren artean, Donostiako Loiola auzoan dagoen eguneko zentroa baldintza eta prestazio hobeak izango dituen Buenavista zonako beste lokal batera lekualdatu ahal izango du Agifesek. “Zentro berriak, Donostiako Udalak utzitakoa, ekipamendu eta instalazio modernoagoak edukiko ditu: erabilera anitzeko aretoak, banakako arretarako bulegoak eta sukalde terapeutikoa izango ditu, beste hainbat instalazioren artean”.

Beste alde batetik, Kutxaren dirua erabili du Agifesek Elgoibarko Udalak emandako bi etxebizitza zaintzapeko pisu batean bihurtzeko, bai eta elkarteak Hernanin duen lan babestuko zentroa handitzeko eta berritzeko ere.

Gainera, euren saria jaso zuten Donostiako, Elgoibarko, Irungo, Oiartzungo eta Zumarragako udalek, elkarteari doan laga baitizkiote beren udalerrietako zenbait etxebizitza. “Horiek zaintzapeko pisu gisa erabiltzen dira eta Agifesen errehabilitazio psikosozialeko programari jarraipena ematen diote. Horren helburua da bizikideen eguneroko bizitzarako gaitasunak sustatzea, ahalik eta autonomia maila altuena lor dezaten”, azaldu zuten elkartetik.

Banakako sariak ere entregatu ziren, “gaixotasun mentala duten pertsonei eta ingurukoei laguntzeko denbora asko eskaini duten pertsonei”, hain zuzen ere. “Aurora Elósegui epailea benetako erreferentea da guretzat, konpromiso handia erakutsi baitu kolektiboarekin, aholkularitza eskainiz eta guztion eskubideak aktiboki defendatuz. Ezin ahantz genezake Eloína González, erizaina, psikoterapeuta eta gizarte langilea. Gure elkarteko bultzatzaile nagusietako bat da eta hasieratik murgildu da Agifeseko pazienteen eta familien laguntzan”. Modu berean, saria jaso zuen Arantxa Iturbe Victoriano Arrazolaren alargunak, Agifesen boluntario gisa diharduten senide guztien ordezkari izendatu baitu elkarteak Victoriano, zuzendaritza batzordean lan egin eta elkartearen alde esfortzu handiak egin baitzituen.

Azkenik, sari bat eskuratu zuten elkarteko erabiltzaileek, “Agifesen muina direlako eta eguneroko esfortzurako indarra ematen digutelako”, azpimarratu zuten Agifesetik.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.