Eskizofrenia hautemateko eta gaixotasuna duen pertsonari laguntzeko aholkuak

Amaia Elícegui psikologo eta familia-psikoterapeutak eskizofrenia hautemateko eta gaixotasuna duen pertsonari laguntzeko aholkuak eskaini zituen urriaren 10ean Zumarragan. Agifesek Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira antolatutako hitzaldian, patologia horrek “pentsamendua eta erantzun emozionala pobretzen dituela, eta errealitatearekiko harremana murrizten duela” azaldu zuen adituak.

Gaixotasunak sintoma positibo eta negatiboak eragiten ditu. Lehenengoak pertsonak hartzen dituen jarrera berriak  dira, eta “negatibo” gisa ezagutzen diren sintomek, aldiz, ohiko jokabideak bertan behera uzten dituzte. Eskizofreniaren seinaleei arreta emateko ohartarazi zuen adituak. “Oso zaila da familiarentzat gaixotasun mentalaz ohartzea, horrelako zerbait sendi barruan gertatzen ari dela onartzea, baina hobe da laguntza ahalik eta azkarren eskatzea, eritasuna goiz diagnostikatzea ezinbestekoa baita”, jakinarazi zuen Elíceguik. Gaixotasuna duen pertsonak irratian edo telebistan bere buruaz hitz egiten ari direla sinesten hasten denean, pentsamendu nahasiak, antsietatea eta beldurra agertzen direnean, eta pertsona modu ezohikoan jokatzen eta pentsatzen hasten denean, ezinbestekoa da neurriak hartzea, adituaren esanetan.

Senide batek sintoma horiek dituenean, eldarnioak ez ukatzeko aholkatu zuen adituak, “pertsonaren errealitatea baitira”.  Horrez gain, esperientziaren eduki emozionalari erreparatzeko gomendatu zuen, eta ez hainbeste haluzinazioari. Krisi egoerak pertsonari eragiten dion sufrimendua ulertzen dugula eta laguntza profesionala bilatuz hobeto sentitzen lagundu nahi diogula jakinaraztea aholkatu zuen.  

Zentzu horretan, artekariaren rola aipatu zuen, egoera onartzen eta bideratzen laguntzen baitie bai gaixotasuna duten pertsonei eta bai familiei. Senide askok beregain hartzen duten zama arindu nahi izan zuen hizlariak: “Familiak bidelagun gisa jokatzen du, baina profesionalari dagokio gaixotasuna onartzen laguntzea”. 

Elíceguik aditzera eman zuenez, oraindik egiteke asko dagoen arren, azken hamarkadetan kolektibo honekiko arreta eredua nabarmen hobetu da. Ikuspegi osoagoa eta komunitarioa lantzen ari dira egun, eta horiek pertsona hauen errehabilitazioari eta gizarteratzeari mesede egiten diote.

Ardura kolektiboa

Publikoak ere parte hartu zuen solasaldian, talde dinamika baten bitartez. Besteak beste, senideek sentitzen duten kulpa baztertzeko eta “guztion ardura” kontuan hartzeko beharra nabarmendu zuten bertaratuek. Zehazki, Elíceguik buru gaixotasuna duten pertsonei guztion artean lagundu behar diegula iradoki zuen, komunitatetik, gizartetik eta erakundeetatik.

Era berean, gizarte sentsibilizazioa bultzatzeko modu anitz aztertu zituzten; esate baterako, errealitate horri buruzko egiazko informazioa zabaltzea ikastoletan eta komunikabideen edota artearen bitartez. Halaber, “gaixotasunaz hitz egiteko beldurra galtzeko beharra” nabarmendu zuten eta “besteek egoera onar dezaten itxaron beharrean, lehenik eta behin norberak onartzeko ahalegina” egin behar dela komentatu zuten. 

 

 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.