Eskizofreniari aurrea hartu eta bere kabuz bizi nahi duen gazte baten kasua azaltzen du Agifesen azken bideoak

Agifesen ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainak bide erdia egin du jada bere seigarren bideoaren aurkezpenarekin. Protagonistak dira Su Ta Gar musika taldeko lider Aitor Gorosabel eta Xabi Sarasketa, eskizofrenia paranoidea duen 27 urteko gaztea. Aspalditik ezagutzen dute elkar, eta gaixotasunari aurre egin eta bizitza zoriontsu eta autonomoa eramateko egindako esfortzuez hitz egiten dio Xabik lagunari.

Zehazki, buruko gaixotasuna duten pertsonak eta senideak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak hil honetan azpimarratu nahi du horrelako gaitzak dituzten pertsonek osasuna berreskuratzeko eta modu autonomoan funtzionatzeko gaitasuna dutela.

Xabi 20 urterekin diagnostikatu zuten, bere amaren gaixotasun eta heriotzari aurre egin behar izan zion garaian. Drogak neurririk gabe kontsumitzen jardun zuen, eta lau aldiz sartu zuten psikiatrikoan. Egun, berriz, erabat egonkor dago:

“Nire bizitza berriarekin oso pozik nago. Oso argi daukat ez dudala inoiz gehiago kontsumituko, hori norbere burua suntsitzea baita, bizitza pixkanaka kentzen joatea”, komentatzen dio Xabik Aitor Gorosabeli bideoan.

Xabik garbi zuen droga gehiegi hartzen dituzten gazteak ohartarazi nahi zituela, ikus-entzunezko honek ematen zion aukera baliatuz, toxiko horiek dakartzaten arriskuak azalduz.

Bizitza autonomoa
Duela hilabete gutxi, aitaren etxea utzi eta Agifesek kudeatzen duen zaintzapeko etxebizitza batera joan zen bizitzera gazte eibartar hau. Beste sei pisukide ditu orain, eta harreman bikaina du berekin.

Etxeko lanak egitea atsegin du, eta musikak asko laguntzen dio. Bere hitzetan, “ezinbestekoa da musika buruko gaixotasuna dutenentzat”. Zehazki, bere talde gustukoena Su Ta Gar da, bere kantak entzuteak momentu txarrenetan aurrera egiteko bultzada ematen baitio.

Xabiren desio handiena bere kabuz bizitzeko pisu bat bilatzea da, “noizbait neskalagun batekin bizi ahal izateko edo bizitza normal bat egiteko. Eta lantxo bat lortzea ere espero dut”.

“Eta zu orain ondo sentitzen zara, ezta?”, galdetzen dio Xabiri Su Ta Garreko abeslari eta gitarristak.

“Agian gaixotasunik ez duen beste pertsona bat bezain ondo edo hobeto sentitzen naiz orain. Adibidez, maitasuna, neskalaguna izatea, bizitzako momentu txikiak, lagun batekin kafea hartzea, taberna batean egunkaria irakurtzea…. Une horiek bikainak dira. Bizitzen jakinez gero, oso polita da bizitza”, amaitzen du Xabik.

Agifesek beste sei bideo grabatuko ditu aurten, hilero bat. Horrela, elkartearen helburua da gizarteari transmititzea buruko gaitza duten pertsonak ez direla gainontzekoen desberdinak, kezka eta helburu berak dituztela, eta garrantzitsua dela horiei entzutea, hala merezi dute eta.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.