Estresa hobeto ezagutzeko eta kontrolatzen ikasteko hitzaldia

 

  • Hitzaldiaren izenburua: Estresa hobeto ezagutu eta kontrolatzen ikasi
  • Data: ekainak 11, osteguna.
  • Lekua: TOLOSA. Kultur etxea.
  • Ordua: 18:30.
  • Hizlaria: Maider Gorostidi, Agifeseko psikologoa. 
 
Azken urteotan interes eta kezka handia sortu du estresak, osasun fisikoan nahiz psikologikoan duen eragina dela eta. Gaitz horren eta horrekin loturiko komorbilitate nahasmenduen hedapena agerian utzi zuen Eusko Jaurlaritzak 2013an argitaratutako txosten batek: emakumeen %24,3k eta gizonezkoen %15,5k antsietate edo/eta depresio sintomak dituzte. Prebalentzia handiena 45 urtetik gorakoen artean dago.
 
Estresaren inguruan erantzunak eman eta gaitzari aurre egiteko moduak azaldu asmoz, Maider Gorostidi Agifeseko psikologoak hitzaldia eskainiko du ekainaren 11n, osteguna, Tolosan. 
 
Egoera edo gertakari bat mehatxagarria dela edo horri aurre egiteko baliabiderik ez dugula sentitzen dugunean martxan jartzen den prozesua da estresa. "Askotan, aldaketekin pizten da, egoera batek gehiegizko esfortzua eskatzen digunean; eta ondorioz, gure ongizate emozionala arriskuan jartzen da", jakinarazi du Gorostidik. "Estresaren ondorioak ez dira beti negatiboak; izan ere, norberaren baliabide berriak azaleratzeko lagungarria da eta horrek autoestimua indartzen du, baita etorkizunean arrakasta izateko aukerak areagotu ere", gaineratu du.
 
Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteko psikologoak aditzera eman duenez, "estresa modu egokian prebenitzeko eta gainditzeko, pertsonak fisikoki eta psikologikoki indartu behar du bere burua. Estresa sor diezaioketen faktoreak identifikatzen eta gaitasun jakinak garatzen ikasi behar du, baita kalte egiten dioten erreakzioak aldatzen ere".