Gabonetan depresioaren aurpegiak islatuko dira Donostian, Agifesek sustatutako kanpaina baten harira

Agifesen ‘Zure harremanik zailena’ kanpaina kalera aterako da berriro ere, depresioaren inguruan sentsibilizatu eta sufrimendu psikikoa jasaten ari diren pertsonak laguntza bilatzera bultzatzeko helburuarekin.

Buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak hainbat ekintza jarri zituen martxan duela urtebete, egun Euskadin gizonezkoen % 9k eta emakumezkoen % 17k jasaten duten arazo honen inguruan arreta deitzeko asmoz. Suizidioaren inguruko zifrek ere kontzientziazio ekintzak burutzera bultzatu dute Agifes; izan ere, Euskadin bi egunetik behin, Espainian 2,5 orduro eta munduan 40 segundoro, pertsona batek bere buruaz beste egitea erabakitzen du. 

Pertsona askorentzat hain delikatuak diren Gabonen hasierarekin batera, eta urtarrilaren erdialdera arte, bai donostiarrek eta bai bisitariek hiriko markesina eta autobuseko pantailetan depresioaren bi erretratu ikusiko dituzte: bere islarekin frustratua dagoen mutil bat, mingarria egiten zaion errealitatea hautematen duena; eta edadeko andre bat bere ondoezaren aurrean. Hain zuzen ere, egoera horiekin lotuta dago kanpainaren leloa: ‘Zure harremanik zailena’. Pertsonak bere nahasmenduarekin duen harreman konplexua deskribatzen du, harreman afektibo gatazkatsuaren metafora baliatuz.

Agifesek depresioaren inguruko sentsibilizazio ekintzak hasi zituenetik asko dira laguntza eske elkartera deitu duten pertsonak. Antzemandako beharraren ondorioz, Agifesek ‘Hurbildu’ izeneko programa berria abiaraztea erabaki du. Horrekin, gizarte-langileen, medikuen, larrialdi-teknikarien, erizainen eta Itxaropen Telefonoko langileen bitartez, besteak beste, sufrimendu psikikoa jasaten duten pertsonengana iritsi nahi du elkarteak. Langile horien elkarlana lagungarria izango da babes nahikorik ez duten eta depresio edo sufrimendu psikikoa jasaten ari diren pertsonak hautemateko. Era berean, 2020. urtetik aurrera sintomatologia depresiboa duten pertsonei tailerrak, sostengu-taldeak eta bakarkako arreta psikologikoa eskainiko zaizkie.