Georges Escribano: “Gure gizartean ikasi dugu hobe dela emozio batzuk ez adieraztea”

Bartzelonako Eric Berne eta Parisko Centre Européen de Psychologie zentroetako zuzendari Georges Escribano psikosozionomoak ‘Ongizate emozionala osasun orokorra lortzeko’ (‘Bienestar emocional para una salud general’) izenburudun hitzaldia eskaini zuen urriaren 14an Ibiltzen Benta Berrin, Osasun Mentalaren Munduko Egunaren inguruan antolatutako jardunaldien testuinguruan.

Escribanok azaldu zuen haurtzaroan, lanean eta gure garapenean eragina duten gainontzeko testuinguru sozialetan “ez dugula hainbat emozio adierazteko aukerarik, zenbaitetan gorrotoarekin eta beldurrarekin gertatzen den bezala; eta beraz, ikasi dugula sentipen horiek gure barnean gordetzen eta horien ordez gure familiak edo testuinguru sozialak onartzen dituzten beste emozio batzuk erabiltzen”.

Adibide gisa jarri zuen beldurra gaizki ikusten duen familia batean jaio den haur baten kasua. Mutikoak, kaletik bakarrik doala, arriskutsua dirudien txakur batekin egiten du topo eta korrika alde egiten du. Baina aitari gertatutakoa kontatzen dionean, hark erantzuten dio mutilek ez dutela izutu behar eta hurrengo batean hobe dela animaliari ostikoa ematea. Beste era batera esanda, semea estutzen du beldurra alboratuz indarkeriara jo dezan. Horrelako egoeren ondorioz, Escribanoren hitzetan, umeek emozio jakin batzuei betoa jartzen ohitzen dira “gurasoen maitasuna eta, hedaduraz, gizartearena bereganatzeko”.

Horrela, “emozioen perbertsioa” gertatzen da, “egiazko” sentimendua nibelez aldatu eta “parasito” bilakatzen denean. Adierazi ez diren emozioek eragiten duten presioak ekar litzake, zenbait kasutan, “gaixotasun fisikoak, depresioa, drogamenpekotasuna eta alkoholismoa, eta baita gaixotasun mentalak ere”, baieztatu zuen Escribanok. Zentzu horretan, gaixotasun mentala duten senideak dituzten entzuleei zuzenduz, ziurtatu zuen “guraso gehienek dakiten modu onenean hezten dituztela seme-alabak”. Eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela “ez sentitzea errudun” eta “interdependentziaz kontziente izatea”, hau da, ez ahaztea gizaki eta ingurune sozial guztiak lotzen dituen ardura konpartitua dagoela. Ildo horretatik, Parisko Sigmund Freud Unibertsitateko irakasleak nabarmendu zuen kulpa sentimendua alboratzea beharrezkoa dela besteari “ulertu eta lagundu” ahal izateko.

Escribano aurrendarietako bat da Psikosozionomia deituriko pertsonalitatearen teorian. Horren arabera, pertsona bereizi ezin daitekeen multzo biologiko, psikologiko, sozial eta ekonomikoa da; hau da, izaki psiko-sozio-ekonomikoa. Aditzera eman zuenez, diziplina hori sortu zen hainbat adituk egungo erakundeen funtzionamenduaren inguruan egin zituzten ikerketen inguruan; izan ere, jakin nahi zuten “zergatik diren erakundeak alienazio gune hazkunde profesionalerako eta pertsonalerako espazio izan ordez”. Zehazki, Escribano Psicosozionomiari buruzko mintegia eskaintzen ari da egunotan, urriaren 13tik 15era Ibiltzen Benta Berrin, teoria horrek aurkezten duen esku-hartze metodoa ezagutzera emateko eta, hartara, erakundeetan jarduera eta emaitza hobeak sustatzeko.

Emozioen zirkuitua
Emozioen funtzionamenduaren ulermena errazteko, horiek burutzen duten zikloa azaldu zuen hizlariak, beharra sortzen den momentutik berau asetzen den arte. Lehenik eta behin, barne- edo kanpo-estimulua sortzen da eta horrek sentsazio edo emozio bat pizten du. Gertatzen ari den horri esanahi konkretu bat ematen dio subjektuak, gaiaren inguruan dituen ideiek eta emozioek baldintzatuta; eta azkenik, jokabide jakin bat hautatzen du egoerari erantzun eraginkorra eman asmoz. Esaterako, arrisku erreal baten aurrean, erantzun egokia izan liteke beldurra sentitzea eta, ondorioz, ihes egitea edo laguntza eskatzea.

Psikologoak honako bi kontzeptuak desberdindu zituen: “erreakzio primitiboa”, egoera bati erantzun automatikoa ematen diona, alde egitearen kasuan bezala, aurreko adibideari erreparatuz; eta “erreakzio sozial eboluzionatua”, gertaera kognitiboki landu ostean agertzen dena, arazo jakin baten aurrean laguntza eskatzen duen pertsonaren kasuan bezala.

Hala eta guztiz ere, ez da beti behar bezala betetzen deskribatutako prozesua, askotan subjektuak ez baitio jatorrizko emozioari aterabiderik ematen, beldurra sentitu beharrean haserrea erakusten ikasten duen haurra kasu. Horrelakoetan ez da askatzen itoarazitako emozioaren karga energetikoa eta ez da benetako beharra asebetetzen. Ondorioz, arazoak sor daitezke.

“Aldaketa errealitatea onartzearen ondorio da”
Georges Escribanok baietsi zuen pertsonen arteko gatazka eta komunikazioarekin loturiko arazo asko konpon litezkeela onartuz besteak “ezberdin pentsa edo senti dezakeela, beste bizipen batzuk dituelako. Behin ezberdintasunak onartu eta gero, bestearekin negozia dezakegu eta elkartzen gaituen lotura birlandu edo hautsi, hala behar den egoeretan”. Bere aburuz, ezinbestekoa da “norberaren eta gainontzekoen baldintzarik gabeko onarpena” harreman osasuntsuak eduki ahal izateko.

Egoki kanalizatu ez diren emozioek dakarten sufrimenduari irtenbidea ematearren, psikologoak iradoki zuen arreta ematea gure sentsazioei eta sentimenduei “emozio konkretua ezagutzeko eta ikusteko justifikatua dagoen edo gertatzen ari denarekin lotura duen edo ez”. Horrela, ongi prestatuta dauden profesionalek eskaini dezaketen laguntza aipatu zuen, haiek gertakizun konkretu baten inguruan sortzen diren emozioak eta pentsamenduak zalantzan jartzen lagun baitezakete. Era berean, iritzi zuenez, “ideala izango litzateke medikuek pazienteen dimentsio fisiologikoa kontuan hartu ez ezik, dakarten karga psikologikoa ere gogoan izan zezaten, biak “estuki lotuak” baitaude.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.