Gizarteratzea sustatzen duten sukaldaritza-tailerrak

Agifesek Eibarren duen egoitza eta Azitain, Eibarko Lanbide Heziketako Udal Institutuak, elkarlanean ari dira sukaldaritza-tailerrak egiten, gure erabiltzaileen gizarteratzea sustatzeko eta gure lana ezagutarazteko.

Urtarrilean hasi zen ekimena eta Aste Santura arte gauzatuko da. Hala, astero, gure erabiltzaileak Eibarko LHIra hurbilduko dira errezetak landu eta Azitainen sukaldaritzako bigarren ikasturtea burutzen ari diren ikasleekin elkar ezagutzera.  

Lehen edizio arrakastatsua

Agifesen eta Azitainen arteko lankidetza 2018an hasi zen. Hainbat tailer landu genituen etaharrera bikaina izan zuten. Agifeseko erabiltzaileak eta Azitaingo ikasleak oso pozik agertu ziren ekimenarekin, eta baliagarria izan zen, gainera, buru-osasunari buruz sentsibilizatzen laguntzeko. Halaber, talde-lana eta lan-dizipilina sustatzen lagundu zien parte-hartzaileei, baita sukaldaritzaren munduan trebeziak lortzen ere.

Agifesetik gure esker ona adierazi nahi diegu Azitaingo langile eta ikasle guztiei, eta bereziki, ekimen hau aurrera ateratzeko hainbeste lan egin duten bi sukalde arduradunei: Begoña Garateri eta Miriam Amestiri.